Catering enpresen "ustelkeria kasuan" Hezkuntza Saila "beharrezko kolaboratzaile" jo du LABek

uriola.eus 2016ko ots. 15a, 13:00

Era adostuan ikastetxe publikoen catering zerbitzuak banatzegatik zigortu ditu Lehiaren Euskal Agintaritzak zortzi enpresa. Jantokietako zein irakaskuntzako lehen indarra den LAB sindikatuak gaur adierazi duenez, Hezkuntza Saila da "trama guzti honen azken erantzulea". Hori dela eta, eskatu du LABek bere dimisioa. "Hezkuntza Saila izan da, bere ekimenez edo bere hutsegitez, ustelkeria kasu honetan beharrezko kolaboratzailea". 

Lehiaren Euskal Agintaritzak frogatutzat jo du legearen aurkako jokabidea izan zutela zortzi enpresak 2003-2011 eta 2013-2015 bitartean. "Denbora kontua zen" LABen esanetan, "katering enpresa eta Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren arteko eskandalua" ezagutzea. Izan ere, LABek "hainbatetan" eta "bide ezberdinez" salatu du egoera hau. Eusko Jaurlaritzako langileek sarri atera dute argitara, "enpresek menuetan jangaien kantitate eta kalitatea eskas ematen zutela". Enpresa hauetako langileek ere askotan salatu dute Eusko Jaurlaritzak egindako kontratazioetatik zenbateko etekin ekonomikoa ateratzen zuten enpresek. Salaketa guzti horiek ordea "ez dute deusetarako balio izan", Hezkuntza Sailak salaketa guztien aurrean "entzungorrarena egin baitu".

LABek Hezkuntza Saila egin du kontrol faltaren erantzule eta Cristina Uriarte hezkuntza sailburuaren dimisioa eskatu du. "Kasu honetan baldintzak betetzen zirela kontrolatu ez bada, Hezkuntza Sailak nahi izan ez duelako izan da, eta beraz, Hezkuntza Saila da trama guzti honen azken erantzulea. Horregatik diogu Cristina Uriarte ezin dela azaldu auzi honetan ardurarik izango ez balu bezala. Argi dugu, eta horrela salatzen dugu, hiru gobernu izan direla honen arduradun zuzenak, Ibarretxerena, Patxi Lopezena eta orain Urkullurena, baina orain Cristina Uriarte da azken arduraduna, eta hala seinalatzen dugu".

Hortaz, "Uriarte sailburuaren dimisioa eskatu besterik ez zaigu geratzen. Hezkuntza Saila izan da, bere ekimenez edo bere hutsegitez, ustelkeria kasu honetan beharrezko kolaboratzailea, eta zazpi milio euro kendu izanaren biktimak, eskola umeak, gursasoak, langileak eta herritarrak izan dira". 

 

Hiruko mahaia

Gertatutakoaren harira Uriarte sailburuak zerbitzuaren kalitatea bermatuko dela adierazi du. Baina LABek "guztiz faltsua" dela dio: "Izatez, dagoeneko kalitatearen galera nabarmena da, kexak eguneroko kontu bilakatu dira, eta orain hiru aste esleipenak aldatu zirenean areagotu dira. Inzidentzia pila dago zerbitzuaren kalitate eta lan baldintzen inguruan".

Egungo kudeaketa moduak "ez du balio" LABen arabera. "Kudeaketa gardena izango duen kalitatezko zerbitzua izan, eta lan baldintzak hobetu nahi baditugu bestelako eredu integral eta integratzailea" eraiki behar dela defendatu du. 

Horretarako, LABek hiruko mahai baten osaketa proposatu du, administrazioa, familiak eta langileen partehartzarekin (irakasleak zein jantokietakoak). "Funtzionamendu berri bat adostu behar dugu, funtzionamendu berri bat lan baldintzak, zerbitzuaren kalitatea eta gardentasuna bermatuko dituena". Mahai hori ahalik azkarren osatu nahi du sindikatuak, datorren ikasturtean, hain zuzen ere.