Bandak eta musika interprete ezagunak euren talentuak elkartuko dituzte ikus-entzuleei txistu eta piano emanaldi berezia eskaintzeko. 'Barroko garaiko musika eta dantzak' izeneko kontzertua 20:00etan hasiko da Euskalduna Jauregiko A3 Aretoan eta sarrera librea da kopurua bete arte.
Emanaldi berria, udazken-negu guztietan gure txistulariek antolatzen duten kontzertu zikloaren barruan dago. Oraingoan, txistulari bakoitzak bakarlari moduan, eta Mariano Santamariak, pianojolea, kontzertu berezi bat emango dute. Ikus-entzuleek Telemann, Barret, Haendel, Vivaldi edo Purcell bezalako konponsatzaileen lan barrokoak entzun ahal izango dituzte, salbuespen batekin: Tomas Aragüesen 'Txistu eta pianorako sonata', Gorka Zabaletaren eskutik.
Mariano Santamariak Mexikoko Kontserbatorio Nazionalean eta Rotterdamgo (Holanda) Musika eta Dantzako Goi Eskolan burutu zituen bere ikasketak. Nazional zein nazioarte mailako pianoko zenbait lehiaketetan saritua izan da, hala nola, Mexiko Hiriko Piano Angelica Morales sari Nazionala edo Paris hiriko Jean Françaix nazioartekoa beste batzuen artean. Gaur egun, Leioako Kontserbatorioko eta Musikeneko piano irakaslea da.
Gaur egun hauek dira Bilboko Txistularien Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García. Lan-talde honek 2004ko urtarrilean ekin zion ibilbideari, eta 12 urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina.