San Nikolaseko metroko sarbidea itxita egongo da gaurtik aurrera

uriola.eus 2016ko ots. 17a, 08:00

Metroko 3. linea egiteko obrak direla eta, Bilboko Metroak Alde Zaharreko San Nikolaseko sarbidea itxi du gaur. Hortaz, aurrerantzean -eta 3. lineako lanak bukatu arte- Unamunoko sarbidetik eta Mallonako igogailutik soilik heldu ahalko da Alde Zaharreko metro geltokira.

7,5 minuturo eskainiko du 3. linea berri honek Etxebarri eta Matiko auzoen arteko lotura, eta 70.000 pertsona baino gehiago jasoko dituela aurreikusi dute. Linea honen ibilbidea 5.885 metrokoa izango da eta zazpi geltoki berri izango ditu; San Antonio, Otxarkoaga, Txurdinaga, Zurbaranbarri, Alde Zaharra, Uribarri eta Matiko.

Euskal Trenbide Sarea da 3. lineako lanen arduradun nagusia. Obrak 279 milioi euroko aurrekontua du. 2015eko maiatzean hasi ziren obra hauek eta geroztik, Esperantzako frontoia eta San Nikolas geltoki zaharra bota dituzte. Orain arte 120 metro izango dituen tunel berria eraikitzen jardun dute. 

 

2017ko hasieran 3. linea martxan

Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak adierazi duenez, "metroko 3. lineako lanen amaiera eta zerbitzuaren abiaraztea" 2017ko lehen hilabeteetan etorriko da. Lanok adostutako "egutegiarekin bat" gauzatzen ari direla aipatu du Rementeriak, "obraren batek atzerapenak izan dituela" zehaztu duen arren. "Neurri horretako obra batek izan ditzakeen gorabeherekin" lotu du atzerapena. Baina, "zalantzarik gabe", 2017ko "lehen hilabeteetan metroa martxan izango dugu", esan du ahaldun nagusiak Bizkaia Goazen 2030 estrategiaren aurkezpenean.