Evo Moralesen aldeko kanpaina bultzatzen duten kartelak kendu dituzte metrotik

uriola.eus 2016ko ots. 17a, 08:00

Argazkia: @calonsonet

Astebetez egon dira Evo Moralesen kanpainari "baiezkoa" emateko iragarkiak Bilboko Metroan. Azkenik, joan den astelehenean kendu zituen erakunde publikoak kartelen izaera politikoa dela eta. Eduki politikoa duten kartelik ez du onartzen Metroak. 

"Con Evo sí tenemos futuro" da Bilboko Metroko geltokietatik kendu duten kartelaren leloa. Evo Morales, Boliviako presidenteak, hurrengo igandean ospatuko den erreferendumaren baitan, Bizkaian dituen herrikideak Azkuna Zentroan batzeko gonbidapena egiten du kartelak. Igandeko ereferendumean Evo Morales berriro ere hauteskundeetara aurkeztu ahal izango den edo ez erabakiko dute boliviarrek. 

Astebetez iragarkia metroan egon ostean, Bilboko Metroak joan den astelehenean, hilak 15, premiaz kendu zituen kartelak, Metroko araudiak izaera politikoa duten iragarkiak debekatzen baititu. 

Metroan publizitatea kudeatzen duen enpresari bestelako edukia zuten kartelak ezarriko zirela esan zioten, hain zuzen ere, "Bizkaian bizi diren boliviarrei, eurek botoa emateko aukera izateko, jarriko diren mahaiei buruzko informazioa emateko iragarkia zen". Horien ordez, "Con Evo sí tenemos futuro" leloa duten kartelan paratu zituzten. 

Presidente boliviarraren aldeko iragarki hau izan da Bilboko Metroak jaso duen kanpaina politiko bateko lehen iragarkia. Metroko administrazio kontseiluak izaera politikoa duten iragarkiei lekurik ez egitea erabaki zuen bere sorreran, besteak beste, geltokietan paratzen zen publizitate politikoak desadostasuna eta bandalismoa sor zitzaketelako.