Disko berri honen aurkezpen gaur izango da, martxoaren 3a, Kafe Antzokian eta bertan festa giroa nagusitzea dute helburu. Bertan, diskoan parte hartzen duten hainbat abeslariez gain, bidean topatu dituzten beste hainbat lagun ere egongo dira. Kontzertuan, Adrenalinaren zain diskoko kantuez gain 2011tik oholtza gainera eraman dituzten erromeria kantak entzuteko aukera ere egongo da.
Garilak 26
2011ko bukaeran sortu zen taldea erromeri esparrua lantzeko asmoz. Hasieran guztiz ezezagunak ziren euren artean, baina "orain lagunak baino gehiago" dira; "taldea" da seikotea eta euren sekretua "lagunak izatea, batera joatea eta dena denon artean egitea" dela aipatu du Eneko Benito alboka eta albokoteak.
Bizkaian indar handia lortu dute herri askotako jaiak sutsu alaituz. Euskal instrumentuetatik abiatu ziren 2011an eta egun ere horrela dirau taldeak, betiko instrumentuetaz gain alboka eta Josuk kontrolatzen duen trikitixarekin ibiltzen dira eszenatoki gainean.
Talde bezala hainbat konpromesu hartu dituzte gaur egun egin duten disko honetan: emakumeekiko, kulturarekiko, ekologismoarekiko konpromesua eta baita konpromesu soziala ere, besteak beste. Helburua berriz, jendeari kantu bakoitzak barruko emozioa piztea da.
Adrenalinaren zain diskoa "oso pertsonala" izan dela ere jakinarazi dute Garilak 26ko kideek. "Gurea den zerbait" egin nahi zuten eta hala izan da. Ieltxuk, taldeko perkusionista eta bateriak egin du nahasketa eta grabaketa; Joanes izan da diskaren diseinuaren zuzendari zein baxu jolea eta Iker, koruak, teklatua eta gitarra jotzen duena izan da grabatzeko lokalak jarri dituena. Guzti honetaz gain, Maria izan da diskoari ahotsa jarri diona. Baga-Biga ekoiztetxearen laguntza ere izan dute diskoa kaleratzerako orduan.
Zazpi kantuko diskoa (sei kantu + bonus track) da eta honetan hainbat euskal musikarik hartu dute parte. Horien artean Esne Beltza taldeko Xabi Solano, Hesianeko Zuriñe Hidalgo edota Enkore talde bilbotarreko Urtzi, beste hainbaten artean. Aipatutako bonus track hori, 2014ean Eguzkizale konpartsari euren urteurrena ospatzeko egindako 'Mende laurden' kantua da.
Talde bizkaitarrari buruz informazio gehiago jaso nahiez gero, bisitatu euren webgunea: www.garilak26.eu.