Ingurugiroa zaintzeko konpromisoarekin, disuasio-aparkalekua Pagasarrin

uriola.eus 2016ko ots. 19a, 10:08

Ingurugiroa zaindu eta mendizaleen segurtasuna bermatzeko asmoz, EH Bilduk aparkaleku berria eraikitzea eskatu du Pagasarriko igoeran. Aukera berri honek, puntu horretatik aurrera ibilgailuak zirkulatzea debekatzea ahalbidetuko luke asteburu, jaiegun eta elurra egiten duenean.

Udal Osoko Bilkurari eginiko eskaeran, Eh Bilduk Pagasarri eta San Justo artean dagoen bidegurutzean disuasio-aparkaleku bat egitea exijitu du. Arrazoien artean, alderdiak "mendia hiriaren arnasgunea ere badela" adierazi du, azken finean "astebururo ehundaka bilbotar hurbiltzen dira inguruneaz eta Ganekogorta bezalako hurbileko mendietaz disfrutatzera" argudiatuz.

Orain arte Pagasarribideko bide estuan dabilenak aparkalekura doazen kotxe artean ibili behar izan du. Horren ondorioz, ibilgailuek mendizaleak harrapatzeko arriskua areagotzen da. EH Bilduk aldarrikatutako disuasio-aparkalekua egitean, Pagasarrira eta inguruko mendietara igo nahi dutenen segurtasuna bermatu, ibilbidea hobetu eta ingurumena babestuko litzateke. 

Horretaz gain, aparkaleku berri hori jartzean, puntu horretatik aurrera ibilgailuak zirkulatzea debekatzea ahalbidetuko luke bertako bizilagunei inolako arazorik eragin gabe. Era berean, A8 auzobusak egiten duen ibilbidearen azken tartea berraztertuko litzateke, ibilgailu partikularrak ibili ezin diren tartean hain zuzen ere.