Felix Serranoko hainbat guraso psikohezitzaile programan sartu dira eskola-kiroletako lehiakortasunari aurre egiteko

uriola.eus 2016ko ots. 19a, 08:40

www.pueblos-espana.org

Felix Serrano eskolako guraso batzuk, Irala eta Ametzola auzoetako komunitate-taldeak alde horretako eskolei eskainitako eskola-kirolaren programa psikohezitzailean parte hartzen hasi dira eskola-kiroletan dabiltzan ume eta gazteen artean lehiakortasuna sustatzen duten jarrerak ekiditeko.

“la Caixaren” Obra Sozialak, Bilboko Udalak eta Gazteleku komunitate-garapenerako entitateak sustatzen duten Kulturarteko Komunitateko Esku-hartze Proiektuaren (ICI) barruan dago ekimena.

Eskola-kirolaren testuinguruan batzuetan izaten diren jokaerak hobetzeko interesa agertzen duten ikastetxeko sendiak dira programa horren agente jasotzaileak. Eskola-kiroleko partiduetan eta entrenamenduetan pertsona parte-hartzaileek duten rola indartzea da gakoa, kirol praktiketan parte hartzen ari diren umeen eta gaztetxoen artean lehiakortasuna eta oldarkortasuna sustatzen dituzten jarrerei aurre hartzeko.

Harremanetan jartzeko eta alde horretako ikasleen guraso-elkarteei proiektua aurkezteko lehen fasearen ondoren, Felix Serrano ikastetxea izango da esperientzia psikohezitzaile horretan parte hartuko duen lehena. Ordubeteko 5 saiotan gauzatuko da esperientzia. Eskola-kirolean familien jokaerak egokitzea sustatzea da proiektu honen azken helburua. Partaidetzan oinarritutako metodologia dinamikoa erabiliko da helburu hori lortzeko. Hausnarketa eginda, zenbait jokamolde kolokan jarriko dituzte eta adostutako jokabide-kodea sortuko dute gurasoek. Horretarako funtsezko gaiak landuko dituzte; hala nola, entzutea, familiek seme-alabengandik itxaroten dutena eta kirolaren eremuan helduok jokatzen dugun rolaren arlo hezitzailea. Hori guztia teknika psikodramatikoen bidez.

Komunitate-taldeak ekimena garatu nahi du eta alde horretako beste ikastetxe batzuetara zabaldu, hezkuntza-komunitate barruko pertsonen arteko harremanak sustatzeko eta eskola-kirolarekin zerikusia duten familia guztien ongizatea hobetzeko.