Iaz sortutako 'Maiatzak1egin' plataformak bere lehenengo pausua eman zuen maiatzaren lehenean elkartaratze jendetsu bat antolatuz. Eurek iragarri bezala, helburu bakarra zuten: Bilboko Herri Mugimendua batu, indartu eta, horren bidez, kapitalismo patriarkalari aurre egiteko klase antolakuntza eraiki.
Aurten, goiz hasi dira motorrak berotzen, eta pausu bat haratago, plataformak herri mugimendua eta langile mugimenduaren arteko harremana indartzeko deia luzatu zuen lehengo larunbatean burutu zen asanblada irekirako.
Antolatzaileez gain (Komite Internazionalistak, Askapena eta Elkartzen), hainbat antolakunde eta norbanako agertu ziren larunbateko asanbladan, Gazte Asanblada, Buiaka, Gazte Komunisten batasuna, Etxeko langileak eta auzoko auzokideak besteak beste, balorazio positiboa eginez. Herri mugimendua indartzeko asmoz, hainbat gai jorratu ziren bileran. Bertan bildu zen lagun baten hitzetan: "herri mugimenduei ahotsik ematen ez dion borroka ezean, beharrezkoa da herritik sortutako mugimendua eraikitzea."
Eztabaida eta pentsamendurako hainbat ideia landu ziren, amankomunean jarri ostean, ekintzetara bideratu zituztenak. Maiatzaren lehenengoan egingo den mobilizazioa iragartzeko hainbat data berezi erabiliko dituztela iragarri dute asanbladan parte hartutakoek, besteak beste martxoaren 3a edota martxoaren 21a. Egun zehatzetan deialdia zabaltzeaz gain, irakurketa ezberdinak egingo dituzte.
Bestalde, antolatzaileek deia egin nahi dute laster dataren berri emango den hurrengo asanblada irekian parte hartzeko.