Ekintza honen bitartez, konpartsak larru-industriak animaliei ezartzen dien sufrimendua salatu nahi du jendartean. Horrekin batera, animaliei oinarrizko eskubideak aitortzea "premiazkoa" dela zabaldu nahi du. Batik bat, "zenbait praktika indargabetzeko". Besteak beste, asfixia, urkatzea, jipoia, elektrokuzioa, larrutzea animalia bizirik dagoela... eta beste hainbat ekintza.
Animalien sufrimendua ikusgarri egitea eta giza kontzientzia eratzea da Piztiak konpartsaren helburua "animaliak baitira gehiegikeria, tratu txar eta esplotazioaren biktima ahaztuak". Eta erosleengan jartzen du arreta berezia kanpainak. "Babes gabeko animalia hauek zigortzen dituena kontsumitzaile gisa ditugun erabakiak dira", diote konpartsako ordezkariek.
Protestaldia Plaza Biribilean izango da -Gran Viako metro irteeraren parean- larunbatean, hilak 27. Konpartsakideak 13:15ean batuko dira.