Lehenengo tailerra Miguel Angel Torresek eskainiko du, bi saiotan banatuta, otsailaren 26an eta martxoaren 11n hain zuzen. Bibolinean eta Suzuki metodoan lizentziatuak 'Hari eta instrumentuen didaktika'-ren inguruan zuzenduko du prestakuntza jarduera. Banakako klase praktikoetan, baliabide tekniko eta pedagogikoak landuko ditu ikasleekin Miguel Angel Torresek.
Bigarren tailerra martxoaren 17an eta apirilaren 7an eskainiko du Mikel Albistur BilbaMusikako irakasleak. 'Oboerako aho-piezak prestatzea' izenekoa, hain zuzen ere.
Aipatzekoa da martxoaren 11n eskainiko den beste tailer bat. Izan ere, Horacio Fumero Trio taldea osatzen duten Gorka Benitez, Horacio Fumero eta David Xirguk jazzeko musika tresnen inguruko "eskola magistral eta konboa" eskainiko dute.
Bestetik, musika irakasleek ere irakaskuntza hobetzeko aukera izango dute 'perkusioa ikasgelako baliabide gisa' tailerrarekin. Antonio Domingok eskainiko du apirilaren 8, 9 eta 10ean.
Apirilean ere, Alipio Guinaldok egurrezko-haize instrumentuen konponketak eta mantentze lanen inguruko saioak eskainiko ditu apirilaren 8, 15, 22 eta 29an.
Oscar Garciak aldiz, 'Talde ezberdinetako moldaketak egiteko teknikak' azalduko ditu apirilaren 11, 18, 25ean eta maiatzaren 2an eskainiko duen tailerrean.
Bukatzeko, Urko Sangroniz, Bilboko Koral Elkarteko Euskeria koruaren zuzendariak 'Pedagogia eta abesbatzen zuzendaritza' jarduera gidatuko du. Abesbatzen arloan interesaturik dauden pertsonei zuzendutako ikastaro hau apirilaren 15, 22 eta 29an eta maiatzaren 6an egingo da.
Izen-ematea
Otsailaren 26tik maiatzera arte luzatuko dira tailerrak. Matrikula zabalik egongo da plaza kopurua bete arte. Izena ematen dutenek 10 eta 60 euro bitartean ordaindu beharko dute. Tailer guztiak BilbaoMusikako egoitzan eskainiko dira, Solokoetxeko La Galera eraikinean.
Informazio gehiago www.bilbaomusika.eus webgunean.