240 tona laguntza Bilbotik Saharara

uriola.eus 2016ko ots. 24a, 10:23

Argazkia: El Correo

Larunbatean irtengo da Sahararen aldeko XII. Karabana Solidarioa 240 tona janari, arropa eta higiene materialarekin. Finean, Euskal Herriko gizartearen elkartasunarekin.

Hainbat agentziek eta janari enpresek egin dute bat Sahararen aldeko XII. karabanarekin. Guztira, 240.000 kg janari batu dira Euskal Herrian; Espainia mailan gehien batu duen herria izanik. Atun enpresa batek, esaterako, 23.000 kg eman ditu eta Bilboko Udalak 35.000 euroko diru-laguntza, "beste edizio batzuetan legez". 

'Elikatu esperantza' da konboi solidario honen goiburua, eta zazpi trailer, kamioi bi, furgoi bat eta mendiko ibilgailu birekin osatuta dago. 

Aipatutako kilo guzti horien artean, sahararrek hainbeste eskertzen duten 13.000 kg azukre eramango ditu aurtengo karabanak. Janariaz gain, kanpalekuetan beharrezko dituzten produktuak ere badira karabanan, hala nola arropa, higiene materiala edota ibilgailuen ordezko piezak.  

Frente Polisarioak Bilbon duen ordezkari Mohamed Fadelek eskerrak eman dizkie euskal herritarrei gaur Bilboko Udaletxean eskainiko agerraldian. "Sahararrekin elkartasuna erakusten duen herria izateagatik eta hain solidarioa izateagatik". Edurne Ribasek ere -SEADen 'Otsailak 27' elkartearen ardunaduna- bere poztasuna azaldu du Euskal Herria, Espainia mailan produktu kantitate gehien batu duen herria izateagatik. 

Karabana solidarioa larunbatean, hilak 27, irtengo da Bilbotik goizeko 10:00etan. Alikantera egingo du bidaia lehenik, handik Oranera (Aljeria) itsasoz, eta ondoren Tindoufeko kanpamenduetara (Aljeria).  

 

40. urteurrenean

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (Bir Lehlu) sorreraren 40. urteurrenarekin egingo du bat aurtengo karabanak. Egoerak, bitarte honetan, okerrera egin duela aipatu du Itziar Urtasun zinegotziak gaurko prentsaurrean. "Larriagotuz joan da Aljeriako basamortuko errefuxiatuen kanpamenduetan eta Saharako lurralde okupatuetan bizi duten ezbehar humanitarioa. Saharar Herriak lau hamarkada daramatza basamortuan, nazioarteko legeek onartutako autodeterminazio-eskubideaz noiz baliatuko zain". 

Bilboko Udalak Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren "gobernu legitimoa" eta Frente Polisarioa "onartu" dituela gogorarazi du Urtasunek. Babes osoa eman dio Bilboko Udalak "Saharar Herriak legezkoa duen autodeterminazio-eskubideari" eta Espainiar Estatuko Gobernuari eta nazioarteko komunitateari eskatu die "bultza ditzatela ekimen politikoak bidezko eta behin betiko konponbidea lortzeko".