Mieltxo Monfort joan zaigu

Erabiltzailearen aurpegia Bilbo Hiria Irratia 2016ko ots. 25a, 11:51

Zoritxarreko eguna dugu gaur Bilbo Hiria irratian. Gaur goizaldean zendu da Mieltxo Monfort Aiestaran, 62 urte zituela, gure irratiko esatari, koordinatzaile eta, ororen gainetik, LAGUNA. Bilbo Hiriako eta Zenbat Garako familian hutsune ordezkaezina utziko digu Mieltxoren desagerpenak.

Sortzez hernaniarra, baina aspaldi Bilbon errotutakoa zen Monfort, ikasle garaitik, EHUko kazetaritza fakultateko lehenengoetako lizentziatua izanik. Gaztetatik Bilboko Zazpi Kaleak bihurtu ziren bere eremu naturala, izugarri maite baitzuen Mieltxok gure Bilbo zaharra, Euskal Herriko mendietan barna ibiltzea maite zuen bezala. Bere gizarte konpromisoak hainbat ekimenetan parte hartzera bideratu zuen bere bizitzan: konpartsetan, LKI alderdian, Alde Zaharreko Bihotzean auzo elkartean… Bere ahotsa izan zen bere lan tresna, bikoizketa eta lokuzio lanetan hasi baitzen, hasieran K2000 estudioan eta, ondoren, 1997tik hona, Bilbo Hiria irratian. Berari erabat lotua izan da irrati honen ibilbidea, bera izan baita urteotan irrati honen motor nagusia.

Kolaboratzaile sare zabala osatu zuen urteotan Mietxok, berak gidatzen zuen IBAIZABAL magazinean parte hartzen zuen lagun mordoa. Horrez gain, azken urteotan Arrosa Sareko ZEBRABIDEA saioan eta, urriaz geroztik, Hala Bedi Birekin batera goizero egiten dugun HIZPIDEA informazio saioan entzun genezakeen bere ahotsa.

Lanean zehatza eta ekina zen Mieltxo, gauzak aldez aurretik ondo prestatuta izatea maite zuen pertsona; umore finekoa eta ironikoa ere bai, bestalde, lagunekin plazer txikiez gozatzea asko maite zuena. Guk bere konpainiaren plazer erraldoiaz gozatu dugu urteotan, eta ez dugu sekula ahaztuko.

 

[2016-02-25] Mieltxo Monfort kazetaria zendu da

bilbohiria.eus