Lau frantziar eta italiar bat dira atxilotuak. Guztiei desordena publikoak egotzi dizkiete. Zauritutakoak berriz, 28 urteko Athleticeko zalea -Basurtoko Ospitarela eraman behar izan zuten- eta bi ertzain dira.
16:30ean, Frantziatik etorritako hainbat erradikalek kaleko altzaritegia apurtzen eta jaurtitzen eta hainbat pertsona erasotzen hasi ziren San Mamesetik gertu; Rodriguez Arias, Maria de Diaz de Haro eta Poza Lizentziatua kaleetan zehazki. Ondoren, ultrek Athleticeko zaleei aurre egin zieten, Ertzaintza heldu zen arte.
19:00etan izan zen Athletic eta Marseillaren arteko partida San Mamesen, Europako ligako final zortzirenetako itzuleko partida. Bertara, Marseilara joan zirenean ere istiluak izan ziren bi taldeetako ultren artean, eta atzokoan ere, estadioaren barrura plazaratu ziren istiluak. Frantziar ultrek hainbat bengala piztu baitzituzten.
Juan Mari Aburtok, Bilboko alkateak, "lotsagarritzat eta gaitzesgarritza" kalifikatu du atzo Bilbon bizi izan zen egoera. Atzoko istiluekin Bilbok mundu mailan daukan proiekzioa bertan behera geratzen dela eta bai hiriaren, bilbotarren eta Athleticeko zaleen irudia ere kutsatzen dela aitortu du. Gainera, argi utzi du gaurko albisteak Athleticek Europako ligako lehiaketan sartzea lortu duela izan beharko lukeela, eta ez egon zen iskanbila. Hala ere, onartu du ez direla bakarrik Marseillako ultrak izan egoeraren errudunak, "Athletic zaleen zati txiki batek ere iskanbilan hartu zuen parte, eta horrek Athleticen jarraitzaileen eta bilbotarren irudiari kalte handia egin dio".
Atzoko partida "arrisku handikoa" aitortu zuen Nazioarteko Indarkeriaren Aurkako Batzordeak. Hortaz, eta joan den abenduaren 23an sinatutako legearen -Jendaurreko Ikuskizun eta Jolas Jardueren Legea- arabera, arriskutsuak izan daitezkeen eta babes eta zaintza zerbitzu berezia eskatzen duten ikuskizunetan aparteko segurtasun zerbitzua emateagatik, Athletic Clubek 31 euro ordaindu behar izan zituen San Mamesen eta inguruetan lanean jardun zuen ertzain eta ordu bakoitzeko. "Erabiltzaileen segurtasuna areagotzea zein segurtasun juridikoa indartzea" da legearen helburua.
Argazkia: Geuria.info