Plataformako kideak zarataka eta txistuka sartu ziren atzo Bilboko FNAC dendan, barruan zeuden Olvido Gara (Alaska) eta Nacho Canut bikote musikala salatzeko. Kaleratzerik Ez! plataformak adierazi bezala, Fangoria taldeko kideek egindako adierazpen "lotsagarriak" eta "iraingarriak" egin zituzten gutxieneko sentsibilitate soziala duenarentzat.
Izan ere, plataformak ekintzan bertan irakurri zuen manifestuan zehaztu duenez, "hiru milioi pertsonak prekarietatea sufritu, pobrezia energetikoa pairatu eta etxebizitza arazoak dituen estatu batean ezinezkoa da deklarazio horiek ahaztea".
Azkenik, Bizkaiko Kaleratzerik Ez! plataformak argitu du ez duela inor era zorrotzean salatu nahi, eta Fangoriako kideak gonbidatu ditu kolektibora hurreratzen egungo errealitate soziala ezagutzeko.
Fangoriaren deklarazioak
2016ko otsailaren 13an 'El confidencial' egunkarian agertu bezala, hauek izan ziren bi taldekideek egindako deklarazio batzuk:
Nacho Canut: "Biktimizazio garai batean gaude, jendeak ikasi beharko luke bere ekintzen erantzule izaten, hartutako erabaki ekonomiko zein ez ekonomikoekin. Hipoteka batean sartzea erabakitzen baldin baduzu, zuk bakarrik erabaki duzu eta, orain nahi duzu Estatuak zu laguntzea? Lotsagarria".
Nacho Canut: "Lana ez da betirako gauza bat. Lau seme-alaba izan nahi badituzu, izan, baina gero ez joan esaten ez duzula dirurik, zure aukera izan baita umeak izatea. Jendeak gehiago pentsatu beharko luke eta ez seinalatu Estatua behar dutenean".
Alaska: "Gu ez ginen inorengana joan laguntza bila Fangoria sortu genuenean".