Barik txartela sakelako telefonoaren bidez diruz betetzeko aukera

uriola.eus 2016ko ots. 29a, 09:40

Gaurtik aurrera Barik txartela sakelako telefono adimentsuen bidez kargatu ahal izango da. Horretarako Google PlayStorera jo eta Bizkaiko Garraio Partzuergoaren aplikazioa instalatu behar da. Android 4.0 sistema eragilea edo hori baino berriagoa duten NFC teknologiadun smartphone aparailua dutenentzat bakarrik dago erabilgarri. Aurrerago, beste sistema eragile batzuetan ere erabili ahal izango da.

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) app berri bat aktibatuko du Google PlayStoren, eta txartelak kargatzeko milaka toki zehaztuta egongo dira bertan. ctb.eus estekan sartuta ere eskuratu ahal izango da aplikazioa. Aplikazioari esker, erabiltzaileak edozein Barik kargatu ahal izango du, nahi beste aldiz, edozein tokitatik eta eguneko edozein ordutan.

740 erabiltzailek arrakasta handiz probatu dute sei hilabetetan (iazko uztailaren erditik aurrera) aplikazio esperimentala, proba pilotua egin zenean. Gainera erabiltzaile horiek proposatutako hobekuntza batzuk sartu ditu Garraio Partzuergoak. App berria azkarragoa izango da; sakelako telefonoen modelo gehiagotan erabili ahal izango da, bertsio elebiduna eskainiko du eta V.me by VISA bidez ordaintzeko aukera emango du.

Partzuergoak aurreikusitakoaren arabera, garraio-txartelak on line kargatuko dira; horretarako, NFC (Near Field Communication) teknologia aktiboa duen sakelako telefono adimentsua erabili beharko da, eta ordainketa segurua egiteko atebidearen bitartez ordaindu beharko da. Beraz, erabiltzaileak edozein tokitatik handitu ahal izango du bere txartelaren saldoa, edo Barik txartelean sar daitekeen garraio-txartel bat erosi ahal izango du, kargatzeko saltoki fisiko batera joan beharrik izan gabe.

Orain arte, Barik txartelaren ohiko tokietan kargatu ahal izan da txartela (Metro Bilbao, Euskotren, Euskotran, Renfe –FEVE barne-, Larreinetako funikularra, Artxandako funikularra, Bilbobus eta Bizkaibuseko kabinak, tabako-dendak, kioskoak, merkataritza lokalak eta BBK-ko kutxazainak); eta abendutik aurrera webgunean bertan (ctb.eus) ere egin daiteke. Gaur egun 1,3 milioi Barik txartel baino gehiago daude zirkulazioan, eta txartelak kargatzeko 800 puntu baino gehiago aurki ditzakegu Bizkaia osoan.

www.ctb.eus