Saharako herriarekin "konpromiso tinkoa"

uriola.eus 2016ko ots. 29a, 09:15

Joan den larunbatean, hilak 27, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren 40. urteurrenean, Bilboko Udalak bat egin nahi izan zuen ospakizunarekin errespetu eta elkartasuna azpimarratuz zabaldutako adierazpenean. Horretaz gain, Udalak, ordezkarien babesaz batera, hainbat oinarri eta eskaera finkatu zituen manifestuan.

Saharar herriarekin duen konpromiso tinkoa adierazteko asmoz, Bilboko Udalak eta alderdietako ordezkariek hainbat oinarri zehaztu dituzte. Alkateaz gain, EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk, PPk Udalberrik eta Goazen Bilbaok sinatu dute adierazpen instituzionala. 

Jakitera eman dutenez, ACNUR eta Nazio Batuen Erakundeko errefuxiatuen agentziak salatuta, "Saharar errefuxiatuen kanpamenduetan 2015ean eroritako uholde-euriek 90.000 lagun baino gehiagori eragin die, hauetako 25.000 pertsonak etxea galdu zutelarik".

Bestalde, EHUko Hegoa Institutuak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako hainbat ikerkuntzak froga berriak ekarri dituzte Marokoko Gobernuak saharar herritarren artean egindako bortxazko desagertzeei eta bonbardaketei buruz. Justizia eta ordaineketa lortzeko hautua egitea beharrezkoa dela aitortu du Udalak Saharar herria aurrera joan ahal izateko.

Hori guztia dela eta, Bilboko Udalak ondorengoa adierazi du:

1. Berretsi egiten du RASDeko gobernu legitimoa eta Fronte Polisarioa errekonozitzen dituela, eta behin berriro aldarrikatzen du Saharar Herriak legez duen autodeterminatzeko eskubidea. Era berean, Espainiako Gobernuari eskatzen dio eman diezaiola estatus diplomatikoa Fronte Polisarioaren Espainiako Ordezkaritzari, bera baita Saharar Herriaren ordezkari bakar eta legitimoa, NBEk hala aitortua. 

2. Espainiako Gobernuari eta nazioarteko komunitateari eskatzen die bultza ditzatela beharrezko ekimen politiko guztiak konponbide zuzen eta behin betiko bat erdiesteko, erreferendum baten bidez, Nazio Batuen ebazpenen arabera.

3. Marokoko agintariei eskatzen die bertan behera utz dezatela giza eskubideen alde diharduten saharar aktibisten aurkako jazargoa, saharar preso politikoak aska ditzatela eta argi dezatela desagertutako 400 saharar baino gehiagoren patua. 

4. Espainiako Estatuari eskatzen dio har dezala bere gain duen erantzukizun historikoa; aktiboki lan egin dezala Europar Batasunaren barruan eta aprobetxa dezala Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan dagoela, MINURSOri luzatu dakion Mendebaldeko Saharan giza eskubideak zaintzeko emana duen agindua. 

5. Berretsi egiten du bere konpromisoa lan egiteko bai Tindufen (Aljeria) babestuta dauden errefuxiatu-kanpamenduetan, bai Marokok legez kontra okupatutako lurraldeetan, Euskal gizarteak Saharar Herriak bere askatasunaren alde daraman borroka zilegiari ematen dion sostenguaren erakusgarri. 

Bukatzeko, Udalak eskertu nahi izan du euskal herritarren lankidetza  eta eskuzabaltasuna, horiei esker aurrera eraman ahal izan direlako saharar herriarekiko lankidetza-proiektuak, hala nola lehengo asteburuan irten zen euskal elkartasun-karabana, besteak beste.