'Hezkuntza kritikoa sortzen' lelopean aurkeztu dute BUIAKO kideek aurtengo Herri Unibertsitateen egitaraua. Eurek argitu bezala, hiru egun hauetan, "egungo sistema irauli eta gizartearen beharretara egokitutako Herri Unibertsitatea eraikiko dugu; partehartzailea, horizontala, ikaslea sujetu aktibo izatera pasatuko dena, parekidea, hezkidetzan oinarritua…"
Bestalde, leloaren harira, ikuspuntu kritiko bat txertatzea eta jakintza kolektibizatzea beharrezko ikusi dute, ikasle kritikoek beste hezkuntza eredu bat posiblea ikus eta egin dezaten. Bilboko Unibertsitateetako fakultate bakoitzak lehen egunerako egitarau propioak egin dituzte fakultate bakoitzari dagokion gaietan sakontzeko, eta hurrengo bi egunetan orotariko gaiak jorratuko dira.
Azkenik, BUIAKO kideek azaldu nahi izan dutenez, "guzti hori burutzeko, ezinbestekoa da ikasleria antolatzea eta Herri Unibertsitatea denon artean eraikitzea". Herri Unibertsitatearen bidez beste hezkuntza eredu bat posible dela argi utziko dugu eta sistema irauli ahal izateko pausuak emango ditugu."