Mieltxo Bilbora heldu zen garaian abiatu dute irrasaioa. Laura Mintegik gogoratu du Txu Txua aldizkarian laguntza handia eman ziela berari eta Joanes Urkixori. Azken honekin Izorratu fanzinea ere egin zuen Mieltxok, Bilboko Gaztetxea erdigune zuen argitalpen "punk xamarra".
Bilboko gaztetxean helduenetako zela ere gogoratu dute, eta auzotarrekin gatazkak bideratzeko zuen jarrera nabarmendu nahi izan dute. Auzoarengatiko kezka horrek bultzatuta sartu zen Bihotzean auzo elkartean eta bertan lan handia egin zuela azpimarratu dute; uholdeen biharamunean hasi eta hauen ondoren Zazpikaleak "berreraikitzeko, oinezkoentzat bihurtzeko eta bertan bizitzeari duintasuna emateko".
Parranda handiak ere gogoratu dituzte bere lagun Karmelorekin. Militantzia politikoan bat egin zuten, baina bikote heterodoxoa osatzen zutela kontatu du, konpromisoa urte horietako "punk jarrerarekin eta hedonismo puntu batekin" uztartuta. Karmelok Mieltxo bere "bizilagun, bidelagun eta maisu handia" izan zela aipatu du.
Beste hainbat lagunen esperientzia eta anekdotak entzuteko aukera ere izan da Bilbao Hiria irratiko saioan. Hala, guztien artean Mieltxo, tipo langile, maisu, esatari, kazetari, ahots apal eta samurrekoa, gustu eta forma finekoa, bidaiazalea, argazkizalea, feminista, naturazalea, heterodoxoa, arrazionala, punka, gaztea, erretxina, adeitsua, kezkatua... bezala definitu dute.
Irratsaioa entzun nahi izanez gero, hona hemen audioaren linka: bilbohiria.eus