Badator Bilboko zinemaldi fantastikoaren XXII. edizioa

uriola.eus 2016ko mar. 3a, 13:29

Maiatzaren 6tik 13ra, Bilbo fantasiazko eta beldurrezko generoaren erdigune bilakatuko da aurten ere. Martxoaren 15era arte bidali ahal izango dira Sekzio Ofizialeko kategoriaren batean parte hartu nahi duten filmak, eta apirilaren 8ra arte telefono mugikorrez grabatutako film laburrak.

Berrikuntza gisa, FANTen XXII. edizioak, telefono mugikorrez grabatutako fantasiazko edo beldurrezko film laburren lehiaketa jasoko du. Proposamen bakoitzak 10 minutuko iraupena izango du gehienez, eta oinarrietan ezarriko diren kalitate eta formatu eskakizun jakin batzuk bete beharko ditu. Zinemaldiaren antolatzaileek lehiaketa berri hori martxan jartzea erabaki dute, partaideek, baliabide gutxirekin baina irudimen askorekin ere istorio bikainak konta daitezkeela erakusteko aukera izan dezaten.

Aukeratzen diren lehiaketa horretako film laburrak FANTen baitan programatutako saio batean eskainiko dira. Saio hori amaitu ondoren, ikus-entzuleek zuzenean bozkatuko dute, eta boto gehien jasotzen dituen lanak 750 euroko saria irabaziko du. Horrez gain, zinemaldiko epaimahaiak 1.500 euroko beste sari bat emango du. Ekimen horrek Movistar+ plataforma multimedia berriaren laguntza izango du.

Zinemaldiak aurrera jarraitzen du bere erreferentziazko sariekin, zinemaldiko epaimahaiaren eta ikusleen iritziz hoberenak diren bi film laburrei zuzendutakoak, bakoitzak 3.000 euro banatuko dituen bi sarirekin, eta 2.000 euro jasoko dituen eta epaimahaiak erabakiko duen euskal film labur hoberenaren sariarekin. Sari horiei, film luzeei emango zaizkien ohorezko sariak gehituko zaizkie, Sekzio Ofizialeko Film Luze Hoberenari eta azken urteetan fantasiazko generoan garrantzia hartuz joan den pertsonari ematen zaion FANTROBIA saria, hain zuzen ere.

 Informazio guztia www.fantbilbao.eus webgunean eskuragarri egongo da