'Entre más cuerdas', Silvia Perez Cruzen lan berria Bilbon ikusgai egongo da arratsaldean

uriola.eus 2016ko mar. 10a, 08:56

Silvia Perez Cruz Gironako abeslariak kontzertua eskainiko du gaur, martxoak 10, Arriaga antzokian. Saio honetan 'Entre más cuerdas' izeneko lan berria aurkeztuko du Bilbon. Kontzertua 20:00etan hasiko da eta sarrerak agortu dira dagoeneko.

Abeslaria sortzaile alai eta zoriontsuen arraza horretakoa da, zaila baita kantua bizitzeko halako grina duen artista bat aurkitzea, edozein generotakoa dela ere. Berak ekoitzi zuen oso osorik '11 de noviembre' izeneko lehen diskoa eta bertan frogatu zuen emozio eta zentzu oso berezidun interpretea zela.

Musikaz zeukan ikuspegi panoramikoaren luzapen bat baino ez ziren izan erregistro haiek, eta ikuspegi horrexek eraman du aspaldi honetan era guztietako generoak lantzera: erritmo latinoak, musika esperimentala, jazza, folka, fadoa, e.a.

Kontzertu honetan bere ikuskizun berria aurkeztuko du, 'Entre más cuerdas', lan bat zeinetan -esana dago-bere ahots laztankorra goxoki kulunkatuko baita soka-tresneria ñabar batek sortutako akordeen artean. Hala, Elena Rey eta Carlos Montfort biolin-joleak, Anna Aldoma biolajolea, Joan Antoni Pich txelo-jolea eta Miquel Angel Cordero kontrabaxu-jolea izango ditu lagun kontzertu honetan.

 

Maialen Lizarralderen gomendioa

Mediterraneoko dama

Silvia Perez Cruz abeslari katalanak (Palafrugell, 1983) txikitatik omen du bere kantuaren bidez pertsonei negarra eragiteko ahalmena. Hala entzun nion elkarrizketa batean: batez ere 50 urtetik gorakoek eskerrak ematen omen dizkiote, aspaldi negar egin ezinik egon ondoren malkoak askatzen laguntzeagatik.

Joan zen urteko Jazzaldian gozatu ahal izan genuen bere magiaz. Nire aldameneko andrea une batez babesera joan behar izan zen, negar batean hasi zelako. Fede ematen dut, beraz: bere ahotsak emozio erregistro zabala biziarazten dio entzuleari; barru-barruraino sartzen zaigu, hitzez zehazten zailak diren zerako zerak sentiaraziz, eta bukaeran irribarre asez utziz.

Bere lanen artean, ezinbestekoa da ‘Granada’ diskoa (2014). Fado kutsuko tonua darabil batzuetan, jazzaren samurtasunarekin limurtzen gaitu besteetan; flamenkoa, Llach edo Serrat, Schumann, Lorca, Nirvana birsortzen ditu, Gallo rojo-ren indar suminduarekin bukatzeko. Berezia, sakona, aparteko artista da Perez Cruz.

‘11 de novembre’ diskoarekin (2012) ezagutu nuen. Bertako azken abestia iltzatuta geratu zitzaidan, bere aita hil zen egunean sortua. Listua irensten, arnasa hartzen entzun dezakegu hasieran, gitarra eta ahotsari ekiten dio gero abesti soil, hauskor, eder honetan eta hasperen batekin bukatzen du bere omenaldia. Adi entzunez gero, galera bere gordintasunean senti daiteke.

Arriagan jotzekoa da gaur, martxoak 10. Pribilegio hutsa!