'Zientzia kaierak' bi ekitaldi antolatu ditu gaurko

uriola.eus 2016ko mar. 9a, 08:30

'Zientzia kaiera' egitasmoak, EHUko zientzien katedrarekin batera, bi ekitaldi antolatu ditu arratsalderako. Batetik, 'La entrevista' antzezlana liburuaren aurkezpena eta bestetik, 'Geneak nahieran aldatzea, etorkizuneko botika?‘ hitzaldia. Biak 19:00etan hasiko dira.

'Geneak nahieran aldatzea, etorkizuneko botika'

Posible al da gure geneak komeni zaigun bezala eraldatzea? 2015eko zientzia-albiste garrantzitsuenen artean CRISPR teknika izan dugu. Honen bitartez DNA sekuentzia bat, adibidez gene bat, berridatzi daiteke. Teknika honen gaitasunari esker gene bat aldatu edo itzali daiteke eta bere akatsak konpondu. Behin betiko lanabes genetikoa al da, ala agindutakoa beteko ez duen teknika berria?

Koldo Garcia biologo konputazionala, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Biocruceseko ikertzaileak gai honi buruz hitz egingo du ‘Geneak nahieran aldatzea, etorkizuneko botika?‘ izeneko hitzaldian martxoaren 9an, asteazkena, arratsaldeko 19:00etan Bilboko Azkuna Zentroan. Ekitaldi euskaraz egingo da.

Hitzaldia Zientziateka ekimenaren parte da. Zientziateka, hilean bitan UPV/EHUko Kultura zientifikoko Katedrak eta Bilboko Azkuna Zentroak puri-purian dauden zientzia arloko gaiak jakitera emateko antolatzen duten jarduera da.

Saioa Azkuna Zentroko Bastida Aretoan eskainiko da doan. Sarrerak aurretik hartu behar dira Azkuna Zentroko informazio-gunean entzule moduan joateko. Sarrerak aretoa bete arte banatuko dira doan. Hitzaldi hau euskaraz izango da.

'La entrevista' antzezlanaren liburuaren aurkezpena

Datorren asteazkenean, martxoak 9an, Luisa Etxenikek eta Gustavo Ariel Schwartzek idatzitako La entrevista antzezlanaren liburua aurkeztuko da Bilbon. Idazleez gain, Juan Ignacio Perezek eta Juan Manuel Uria editoreak hartuko dute parte ekitaldian. Aurkezpena UPV/EHUko Esperientzia Geletako egoitzan egingo da, Banco de España kalean.

Hiru urtetan behin 'Passion for Knowledge' izeneko zientzia-jaialdia antolatzen du Donostia International Physics Centerrek. Mekanika kuantikoaren abiapuntua izan zen Bohrren eredu atomikoaren ehungarren urteurrena ospatu zen 2013an, Quantum13 izenaren pean egin zen edizioan. Ekitaldi haren programaren barruan estreinatu zen Luisa Etxenike idazleak eta Gustavo Ariel Schwartz fisikariak idatzitakoLa entrevista antzeslana. La entrevista DIPCren Mestizajes programaren emaitza izan zen; artistek, idazleek eta zientzialariek bat egiten duten eremu alternatiboa dugu Mestizajes programa, zeinaren bitartez arte, letra eta zientziaren arteko elkarrekintzak sustatu nahi baitituzte.

Antzeslanaren estreinalditik bi urte eta erdi igaro direnean, liburu gisa argitaratu da La entrevistaEl Gallo de Oro argitaletxeak edizio elebiduna (gaztelania eta ingelesa) argitaratu du, Pedro Miguel Etxenike eta Roald Hoffmann zientzialariek hitzaurre banarekin.

Aurkezpena 19:00etan hasiko da Alde Zaharreko Bizkaiko Esperientzia Gelan, Banco de España kalean.