Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren egitasmoa zertan datzan eta gizarte eragileek ekarpenak nola egin ditzaketen azaldu zuten atzo Bilboko Kafe Antzokian, Kontseiluaren idazkari nagusi Paul Bilbaok eta Donostia 2016ren kultur programaren zuzendari Xabier Payak. Otsailaren 24an hasi ziren hitzaldiak eskaintzen, martxoaren 4ra bitartean. Momentuz, 5 hitzaldi eman dituzte Baiona, Donostia, Gasteiz, Bilbo eta Iruñean.
Xabier Payaren hitzetan, "ez dugu ahaztu behar hizkuntza eskubideak giza eskubideekin estuki lotuta daudela. Europak gero eta hizkuntza gehiago ditu eta ikasi behar du guztien arteko oreka bilatzen."
Paul Bilbaok argitu bezala, “protokolo hau gizarte eragileen ahalduntze historiko baten ondorioz sortuko dugu, hain zuzen ere Europan benetako hizkuntza aniztasuna eta hizkuntza berdintasuna bermatzeko neurri sorta bat prestatuko dugulako. Alegia, jauzi bat egingo dugu orain dela hogei urte Bartzelonan onartu egin zen Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsaletik Donostiako Hizkuntza Eskubideen Bermerako Protokolora. Orduan aitortu zitzaizkigun eskubide horiek nola bermatu behar diren zehaztuko duen tresna bat osatzera goaz.”
Kontseiluaren idazkari nagusiak urratsez urrats azaldu zuen abendurako prest izango den Protokoloaren muina. Gizarte eragileen ekarpenak "funtsezkoak" direla nabarmendu zuen eta Protokoloa hauen ahalduntze historikoa izango dela iragarri.
Azaldu zutenez, Europa osoko gizarte eragileengana iritsi nahi dute horretan baitatza Protokoloaren benetako balioa. Horregatik www.protokoloa.eus atarian ekarpenak jasotzeko aplikazio bat martxan jarri dute, hemendik eta maiatza bitartean norbanakoen eta erakundeen ekarpen zehatzak jasotzeko. Gida liburu bat ere editatu dute ekarpenak nola egin azaltzen duena.