Emakumeek emakumeentzat idatzitako musika egitaraua

uriola.eus 2016ko mar. 8a, 09:12

Vocalia taldea Arriagako Gelatxoetara helduko da, emakumeek emakumeentzat idatzitako musika egitarauarekin, hau da, emakume egileek andren ahotsetarako idatzitako errepertorioarekin. Taldeak urteak zeramatzan ideia hori lantzen, eta gaur, martxoak 8, Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat etorriz, zuzenean eskainiko duten 'Andra' egitasmoan gauzatu da. 

Eguna ez da kasualitatez aukeratu. Izan ere, beste alor batzuetan bezala, abesbatzetarako musika idaztearena, ia osorik gizonezkoentzat erreserbatuta egon den eremua izan da. Zorionez, zeozer aldatzen ari da, eta prestakuntza eta sentsibilitate bikainak dituzten mundu osoko emakume egile askok, ahots zurien edo andren ahotsen abesbatzetarako lanak idatzi eta idazten dituzte. Horrela, Basilio Astulezek zuzentzen duen Vocalia taldearen iritziz, emakume sortzaile horien lanak aintzatetsia eta errebindikatua izatea merezi du.

Emakumez osatutako ahots taldeak hainbat emakume egileren lana landu du, bere egin arte, eta horren emaitza 'Andra' da, gaur egungo panoraman garrantzi gehien duten abesbatzetarako musika egile emakumezkoetako batzuen lana erakusten duen mosaiko txikia. Errepertorioan, Eva Ugalde edo Junkal Guerrero bezalako euskal konposatzaileen eta Tone Bianca Dahl, Alice Parker, Eleanor Daley edo Beatriz Corona bezalako Europako eta Ameriketako beste batzuen lanak eskainiko dira.

Vocaliari buruz

Emakumez osatutako Vocalia ahots taldeak 2000. urtean hasi zuen ibilbidea, gaur egun taldearen zuzendaria den Basilio Astulezen ekimenez. Taldearen apustua, musika eta ahots exijentziak direla eta ohikoa ez den errepertorioa landuko duen ahots talde egonkorra sortzeko asmo sendoan zentratzen da. Gaur egun taldea, abesbatzen alorrean esperientzia zabala duten 28 euskal abeslarik osatzen dute. Programazio ausarten eta eszenan jartze zainduaren ondorioz, taldea benetako erreferentea da gaur egungo abesbatzen panoraman. 

Sarrerak

Sarrerak 9 eta 14 euro artean egongo dira salgai www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.