2005etik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia eta Bilboko Udala lankidetzan aritzen dira esperientziak trukatzeko eta sentsibilizaziorako jarduera hau antolatzeko, 'Garapenerako Estrategia Positiboen Jardunaldien barruan'. Aurten 11. Edizioa izango da. Urte hauetan guztietan 80 aditu inguru igaro dira jardunaldietan eta hauek izan dira jorratutako gaiak: partaidetza, antolaketa eta tokiko boterea; elikadura burujabetza; gerraren eta bakearen birdefinizio feminista; Afrikako eta Asiako esperientziak indarkeria matxistaren aurrean, eta abar.
Aurtengo jardunaldien gai nagusia sexu eta genero dibertsitatea da, antolatzaileek iragarri dutenaren arabera. Sexuak eta generoak (biologiak eta kulturak) definitzen dute gizakien arteko harremanak ulertzeko modua eta, ikuspegi horren inguruan sortzen dira gizarte guztietako botere‑sistemak, askatasunak eta eskubideak. Ikuspegi hori oinarri hartuta sortzen da araua, normaltzat jotzen dena: emea-arra biologian eta emakume femenino eta gizon maskulinoa arlo kulturalean. Sinplifikazio horretatik kanpo daude gainerako aukera sexualak eta genero-bizipenak; horiek anormaltzat jotzen dira eta, beraz, bazterrekoak dira gure gizarteetan. Hain zuzen ere, aurtengo edizioan sinplifikazio horren eraginaz eta ikuspegi hori garapenerako lankidetzan integratzeko moduaz eztabaidatuko da. Ezagunak dira “arau” horretan sartzen ez direnek pairatzen duten bazterkeria eta esklusioaren kasurik muturrekoenak eta gero eta kontzientzia handiagoa dago adierazpen zakarrenak desagerrarazteko beharrizanaz.
Jardunaldien helburuak
· Garapenerako lankidetzan genero-ikuspegia eta sexu-dibertsitatea eredu nagusiaren alternatiba moduan sartu beharrari buruzko hausnarketa egitea; izan ere, hori gainditzen duten errealitateek bazterkeria handia jasaten dute “anormaltzat” jotzen direlako. Ikuspegi horren integrazioa, hortaz, beharrezkoa da giza eskubideen defentsatik, hori baita GGKEen eta, oro har garapenerako lankidetzaren lan-eremua.
· Sexua-generoa paradigma gainditzen laguntzea, nortasunen eta zaletasun sexualen eraikuntzan eragina daukaten elementuak zeintzuk diren ulertzen laguntzea, eta ikuspegi tradizionalaren sinplismoa gainditzen laguntzea (irizpide biologiko eta kulturaletan oinarritzen baita: emea-arra, emakume femeninoa-gizon maskulinoa).
· Jardunbide eta esperientzia egokiak ekartzea, gero eta elkarte, gizarte mugimendu eta erakunde gehiago ari baitira arlo horretan lanean.
· Nazioarteko lankidetzaren desafioak zehaztea sexu eta genero dibertsitatea haren politiketan eta jardueretan integratzeko, zeharka eta giza eskubideen defentsarekin eta sustapenarekin koherentea izango den eran.