Heteropatriarkatua sexuen arteko menperatze baldintzak sortzeko balio izan du. Baina kapitalismoa heteropatriarkaturik gabe ez da ezer. Emakume langilea izan da kontraesan hauen areagotzearen bortizkeriarik handiena eta zuzenena pairatu izan duena, subjektu eta gorputz bezala. Baldintza hauek emakumeak menpeko bihurtu gaitu, gure lanaren balioa eremu guztietan debaluatuz, produktiboan zein erreproduktiboan. Gainera, familia heteropatriarkalaren konfigurazioa kapitalismoak historikoki patriarkatua ideologia bezala betikotzeko erabili duen tresna izan da; giza erlazio guztietan eragiten duen balio soziala alegia.
Kapitalismoak emakumeak lan erreproduktiboaren arduradunak bihurtu gaitu, eta horrekin lan hau doan egiten dugu. Lan indarraren erreprodukzioaren morroi sistematikoak gara, sistema kapitalistaren ekoizpen baldintzak bermatzeko ezinbestekoak. Horrek baieztapen ukaezin batera garamatza: emakume langilearen menpekotasuna menperatze sistema honen biziraupenaren bermatzaile objektiboa da.
Gure gorputzek sistema kapitalistaren bortizkeriarik esplizituena pairatzen dute. Gure lanaren prekarizazioa handiagoa da eta pobretuago gaude. Krisi kapitalistaren ondorioak era bortitzagoan pairatzen ditugu, berdintasunetik gero eta gehiago aldentzen eta esplotazio eta deserrotzearen aurrean zaurgarritzen gaituelarik. Gure lan indarra esplotatzeaz gain, gure gorputza eremu publikoa da; eta jendarte patriarkaletan nagusi diren baloreek gure klasearen baitan diskriminazioak pairatzea ahalbidetzen dute. Berdin da euskaldunak, beltzak, kurduak, lesbianak edo transexualak garen. Emakume izatea gure zaurgarritasun eta menpekotasun egoerak sostengatzen duen elementu komuna da.
Feminismoa langile klasearen borroka orokorrean integratu behar da; eta zehazki Euskal Herria langilearen borrokan. Emakume bezala lortu beharreko emantzipazioa, klase eta herri bezala lortu beharreko emantzipazioarekin batera joan behar da. Ez dugu sistema kapitalistaren baitan gizonek bizi dituzten esplotazio baldintzekiko berdintasunik nahi. Ez ditugu gizonen klase kontraesanak konpartitu nahi. Emakume eta langile bezala askeak izan nahi dugu. Patriarkatua eta kapitalismoaren menperatze egiturak gainditu nahi ditugu.
'Maiatzak1egin!'etik diskurtso feminista unibertsitateen bulegoetatik atera nahi dugu; “desintelektualizatu” eta langile klasearen eremura eraman nahi dugu. Lantokietan dagokion protagonismoa berreskuratu behar du. Ezin da beste borroka bat gehiago izan; borroka feminista beste borroka guztietan txertatuta egon behar da. Emakumerik gabe ez dago iraultzarik, ez dago garaipen posiblerik.
KAPITALISMOAREN AURKA, EMAKUME LANGILEOK BAT EGIN!