Inkesta, hildakoen senideez eta gertukoez eta emakiden titularrez osatutako lagin batekin egin da; erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzeko asmoz.
2007an inkestak egiten hasi zirenetik lortutako balorazioei esker hobekuntzak sartu ahal izan dira zerbitzuan, mantentze lanetan eta erabiltzaileei eskaintzen zaien arretan. Horrela, azpimarratu behar da ekitaldi guztietan eutsi zaiola batez besteko "oso ondo" notari.
Yolanda Diez Osasun eta Kontsumo zinegotziak adierazi duenez, "inkestak bide onetik goazela erakusten digu beste urte batez. Laburbilduz, zerbitzuaren mailari eusteko lanean jarraitzera bultzatzen gaituzten emaitzak dira. Azpimarratu behar da, berriro ere, gurea bezalako zerbitzu batean harro egoteko modukoa dela ondoen baloratzen diren alderdiak gure langileek eskaintzen duten arretarekin erlazionatuta daudenak izatea. Ez dugu ahaztu behar arreta hori egoera zailetan eskaintzen dela".
Alderdi positiboak
Bideen egoera alderdi azpimarragarria izan da aurten ere inkestetan, eta 7,24ko nota jaso du. Horrela, azpimarratu behar da urtero egiten direla jarduketak eta, logikoa denez, kalifikazioak gero eta hobeak dira –2007an, inkesta jaso zuten pertsonen %43k alderdi hori aukeratu zuen hobetu beharreko funtsezko hiru alderdien artean, eta 2015ean ehuneko hori %19koa izan da–.
7,5etik gorako balorazio altuenak, eskainitako zerbitzuetan langileek erakutsitako atsegintasunarekin eta arretarekin eta bisitan zehar jasotako tratu atseginarekin daude erlazionatuta (7,86 eta 7,85, hurrenez hurren). Hori guztia, Bilbao Zerbitzuakeko langileek instalazioetan egunero egiten duten mantentze eta hobekuntza lanari esker.
Zerbitzuaren balorazio orokorra 7,18koa izan da, aurreko urteetan lortutakoen antzera. Nota hori gero eta finkoagoa da urtez urte, gorabehera handirik gabe, eta horrek argi adierazten du, inkesta honen eta jasotako iradokizunen bitartez hobegarri gisa agertzen diren alderdietara bideratzen direla hobekuntzak.
Balorazio orokorra positiboa den arren, erabiltzaileen iritziz komenigarria izango litzateke sartzeko erraztasuna hobetzea eta zerbitzuaren kostua egokitzea.