Koordinakunde Feministaren aldarrikapenak: aurrekontua, Emakumeen Etxea eta elkarrizketa

uriola.eus 2016ko mar. 7a, 13:33

Joan den azaroaren 25ean Bilboko alkateari proposamen zehatzak helarazi zizkion Bilboko Koordinakunde Feministak. Bai indarkeria sexistari aurre egiteko, bai berdintasunean pausoak emateko. Udal gobernuak entzungor egin die proposamenei. Horregatik diote koordinakundeko kideek, egungo egoera, iazkoarekin alderatuz, "Bilbon ez dela hobea".

Joan den azaroaren 25ean Bilboko alkateari proposamen zehatzak helarazi zizkion Bilboko Koordinakunde Feministak. Bai indarkeria sexistari aurre egiteko, bai berdintasunean pausoak emateko. Udal gobernuak entzungor egin die proposamenei. Horregatik diote koordinakundeko kideek, egungo egoera, iazkoarekin alderatuz, "Bilbon ez dela hobea".

Besteak beste, diru partida handiagoa bideratzeko eskatu zioten Aburto alkateari. "Baina berdintasunera bideratutako 2016ko aurrekontua ez da handitu", gogoratu du Ana Perez koordinakundeko kideak.

Emakumeen Etxea sortzeko proposamena ere ez du aintzat hartu Udalak. Joan den otsaileko Udalbatzan aurkeztu zuen mozioa Bilboko Koordinakunde Feministako kide batek alderdi politiko guztietako ordezkarien aurrean, eta "ezezko borobila" jaso zuen mozioak. Koordinakundeak Emakumeen Etxearen alde lanean jarraituko duela adierazi du. "Bilbo bezalako hiri batek bere populazioagatik eta bere beharrizanagatik Emakumeen Etxea izan behar du eta enpoderamendu eta jabekuntza eskolak eskaini behar ditu".

Egun, EAEn 12 Emakumeen Etxe eta 20 Jabekuntza Eskola daude. 

Bere ahaleginean ez du etsi Koordinakunde Feministak eta elkarrizketarako gonbita luzatu dio Udal Gobernuari. Batzartzeko, egoera aztertzeko eta neurriak hartzeko eskatu nahi diote Aburtok zuzentzen duen gobernuari. "Elkartu eta beharrak mahaigaineratu nahi ditugu". 

 

Martxoak 8, manifestazioa

Euskal Herriko Plataforma Feministak egin du 2016ko martxoaren 8ko deialdi bateratua 'Juntas, diversas y enredadas, feministok iraultzarako prest' lelopean. Bateko eta besteko feministek sare indartsua osatu dutela adierazi nahi dute leloarekin, "mobilizazioetan elkarrekin parte hartzen dugula". Eta, bide batez, apirilaren 9an Gasteizen antolatu duten indarkeria sexistaren aurkako manifestazio nazionalean parte hartzeko mezua zabaldu nahi dute. "Kaleak betetzeko" mezua. 

Bilboko manifestazioa 19:30ean Arriaga plazatik abiatuko da eta Udaletxean bukatuko da.