Adierazpen-instituzionala, pintaketak eta aldarrikapenak

Bilboko Udala 2016ko mar. 8a, 13:58

Bilboko Udalak, martxoaren 8ko adierazpen-instituzionalean, "benetako demokrazia batean" emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna "funtsezko eskubidea" dela adierazi du. Bestalde, ordu batzuk geroago, Bilbobuseko zazpi ibilgailutan pintaketak egiteagatik lau pertsona identifikatu ditu Udaltzaingoak.

Martxoaren 8an, Bilboko Udalak ere bere atxikimendua adierazi dio Emakumeen Nazioarteko Egunari. "Ehun urte baino gehiago igarota, gaur egun oraindik eztabaidatzen dizkiguten eskubideak oso-osorik erabili ahal izatea eskatzeko arrazoiak aurkitzen ditugu mundu osoko emakumeok", dio komunikatuak.

Andrazko eta gizonezkoen arteko berdintasuna "benetako gizarte demokratiko" batean beharrezkotzat jotzen du Bilboko Udalak, gaur egun dirauten "desberdintasun-arrakalak" gainditu ahal izateko. 

Era berean bat egin du Udalak Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluarekin (CCRE-CEMR) hainbat aldarrikapenetan. Estatuetako gobernuei eta EBko instituzioei zuzenduriko eskariak dira: genero-indarkeria prebenitzeko eta horren biktimak babesteko eta laguntzeko "politika eta lege bateratuak sor ditzatela eskatzea"; kontuan hartzea gerra eta jazarpenetik ihes eginda "gure hiri eta udalerrietara iristen diren errefuxiatuen artean dauden emakume eta haurren behar espezifikoak"; eta maila globalean elkarlanean aritzeko borondatea erakuts dezatela, NBEren 2030eko Agendaren 5 helburuak lortzeari begira, "horrek xedetzat hartzen baitu emakumeen aurkako diskriminazio forma guztiak ezabatzea".

 

Bilbobuseko 7 unitate pintadekin

Bilboko Udalak gaur goizean Bilbobuseko zazpi unitateetako karrozeria eta kristalek pairatutako "sabotajea" gaitzetsi du. Gutxienez lau pertsona identifikatu ditu Udaltzaingoak, martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta zenbait pintaketak egiteagatik. Pintaketetan 'autodefentsa' edota 'gora borroka feminista' irakurri ahal zen. Arin hedatu dira ekintzaren argazkiak. 

 

Aitziber Ibaibarriagaren salaketa

Aitziber Ibaibarriagak, haurdun dagoen EH Bilduko kidea, boto eskubidea delegatzeko aldarrikapena egin zuen Bilbo Udal Gobernuaren aurrean, amatasun-baja bitartean beste zinegotzi batek bere bozka betetzeko asmoz. Erantzunen zain, Udal Gobernuak ezezkoa eman dio zinegotziari.

Zinegotziak Twitter sare-sozialean bere salaketa egin du: "Gaur denok berdintasuna ahoan, baina Bilboko Udal Gobernuak botu delegaturako eskubidea ukatu dit nire amatasun baja bitartean".

Zinegotziek ez dute botoa delegatzeko eskubiderik Bilboko Udalean, araudiak ez baitu aintzat hartzen bozka beste kide baten esku uzteko aukera, esaterako, zinegotzi bat gaixo dagoenean. Araudia aldatu eta beste udal batzuetan egiten den bezala, botoa delegatzeko eskubidea aldarrikatu du EH Bildu koalizioak behin baino gehiagotan.