Irauli beharrekoa sistema oso bat da, Bilboko Koordinakunde Feministako kideek udaletxeko eskaileretatik behin baino gehiagotan errepikatu dutenez. Sistema neoliberal, kapitalista eta patriarkala, hain zuzen ere. Emakumea bereziki kolpatzen duena bizitzako arlo guztietan. "Soldata desberdintasunak, aldi baterako kontratuek, kontziliazioak eta, askotan aipatu dugun bezala, pobreziak eta prekaritateak emakume aurpegia dute. Ekonomia kapistalistak gizarte laguntzak murrizten ditu eta emakumeak kolpatzen ditu prestigio gabeko lanak emanez eta zaintzara behartuz".
Erakundeek ematen duten "erantzun bakarra ihesaldia da, EAJrena besteak beste". Ihesaldiak dira, esaterako, merkataritza askerako itunak, lan erreformak edota pribatizazioak. Adibide horiek "kapitalaren irabaziak handitu baino ez dute egiten pertsonen interesen gainetik". Egoera iraultzeko beharrezkoa da "kapitalismoaren logika aldatzea". Horretarako, mugimendu feministaren proposamena da "bestelako logikak eraikitzea, elkartasunean, antolakuntzan eta babes sareetan oinarrituz, esplotazio eta indarkeriaren aurrean, kapitalaren eta merkatuen garapena galgatuz".
Bakerik ez emakumeentzat
Egungo testuinguru "iluna" ez dute ahaztu feministek. Gerrak eta militarizazioak emakumeen gorputzak "hondatzen eta bortxatzen" dituztela gogoratu dute, eta oroitzapen berezia izan dute emakume kurduentzat. "Haien herritik irten zen orain urtebete Emakumeen Mundu Martxako karabana, beren gorputz eta lurraldeen autodeterminazioaren alde borrokatzen diren andre kurduei babesa erakuste aldera". Urtarrilaren 4an polizia turkiarrak erail zituen hiru aktibista kurdu, tartean Mundu Martxako antolatzaile Seve Demir. Hondurasen, berriz, herri indigenen, emakumeen eta nezakazarien eskubideen aldeko Berta Caceres defendatzailea erail berri dute. Bai Demir bai Caceres eredutzat dituzte Bilbon: "Agur eta ohore. Zuen borroka gure eredu da", oihukatu zuten atzokoan Udaletxeko eskaileretatik txalo-zaparrada eraginez.
Euskal Herrian "ez dugu bakerik"
Bakea ez da lortzen indarkeria hori, alegia, gatazka armatua, desagerrarazita soilik, eta Euskal Herria da horren adibide. "Hemen ustezko normalizazio politikorako prozesu batean bizi gara, baina hitz egin dezakegu benetako bakeaz? Emakumeon eskubideak sistematikoki urratzen dituzte, eraso eta erail egiten gaituzte, hori kontuan hartuta hemen ez dugu bakerik".
Gure arteko indarkeria matxista ez dago isolatuta, sistema patriarkal eta kapitalistaren beste indarkeria askorekin lotuta dago, eta adierazpen eta aurpegi ugari ditu: emakumeen pobrezia, arrazakeria, heterosexismoa, eurozentrismoa, esklabutza, inperialismoa... Egungo errealitatea aldatzeko giltza elkarlana da Koordindora Feministaren aburuz: "Gizartearen mobilizaziotik aritu gara neurriak galdeginez eta exijituz gizarteko eragile eta politikariei. Argi dugu, gure bizitzako eta gure erabakien protagonistak izaten jarraituko dugu, gizartea eraldatzen jarraituko dugu, elkarrekin egingo dugu, aliatuta, saretuta. Euskal Herriko mugimendu feminista prest dago iraultzarako".
Hurrengo hitzordua apirilaren 9an
Martxoaren 8aren ostean, Bilboko Koordinakunde Feministak "hurrengo hitzordua" gogorarazi zien atzo manifestazioan izan ziren ehunka herritarrei. Apirilaren 9an Gasteizen 'Hamaika eraso, hamabi erantzun, feministok prest' lelopean egitekoa den manifetazioa nazionalean parte hartzeko hitzordua, alegia.
[2016-03-08] Adierazpen-instituzionala, pintaketak eta aldarrikapenak
[2016-03-08] Martxoak 8, aldarrikapenetik berdintasunera
[2016-03-07] 'Bilboko emakumeak' dokumentala aurkeztuko dabe Bidebarrietan
[2016-03-03] Martxoaren 8aren baitan hainbat ekitaldi antolatu dituzte
[2016-03-02] 'Feminismoak egingo gaitu herri!'
[2016-02-29] Martxoaren 8ari begira ekitaldi anitzak prestatu ditu Udalak