Martiaren 12an, Argantzunen, Arabako Bertso-Kuadrilla artekoaren amaierako jaia

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko mar. 9a, 00:00

Ia bi hilebetez Arabako hainbat herritan bertso-doinuak piztu ondoren, martiaren 12an egingo dau amaierako jaia Arabako Bertso Kuadrilla artekoak, Argantzunen. Egun osoko egitaraua izango da, eta kuadrilla artekoan ibili diran talde guztiek hartuko dabe parte.

Urtarrilaren 16an Trebiñun aurkeztu, eta sei astegoienetan batu dira Arabako bertso-kuadrillak; Izarran, Laudion, Araian eta Zalduondon, Kanpezun, Errekaleorren eta Oionen, hiruzpalau talde batu eta kantuan ibilteko arrazoi izan da bertsoa, baita esperimentetako arrazoi be; bertsoei ahalik eta etekinik handiena atara guran, era guztietako ariketa barritzaileak proponidu ditue talde antolatzaileek: kirolagaz lotutakoak (bertsotloia, bertso-boloa, herri-kirolak bertsotan), lehiarako aukerea emoten ebenak (kopla lehiaketea, bertso-burrukea) eta musikeagaz (trikia eta gitarrea). Bertsoagaz dibertiduteko modu barriak ezagutzeko aukerea egon da.

Erretirau aurretik, martiaren 12an, zapatu honetan egingo dau amaiera-jaia Kuadrilla artekoak, Argantzunen, Trebiñun. Goizean hasi eta iluntzera arteko egitarauaren barruan, bertsoa eta jai-giroa izango dira nagusi. Kuadrilla artekoan parte hartu daben 14 taldeak bertan alkartuko dira, horixe baita amaierako egunaren helburua: Arabako bertso-mobimentu osoaren topaleku izatea, hain zuzen be. Ez etorkizunaz hausnartzeko edo txapelketa baten finala ikusteko; kantuan egiteko, eta kantuan eginez ondo pasetako. Eta jakina: kuadrilla artekoan parte hartu ez dabenentzako be deialdia zabalik dago.

Autobusez Argantzunera joateko aukerea dago, eta goizeko 11:30ean dabe taldeek hitzordua. Ordutik aurrera, deskantsurik ez: goizean bertso-erronkak, bazkalostean saio musikatua eta bertso-burrukea, eta arratsalde-iluntzean Orkresta elektrotxaranga eta bertso-ragga. Tartean, txosna, bazkaria, eta giro parebakoa. Aurtengo edizinoa bukatzeko aurreko azken bertso-ostikoak emoteko aukera hoberik ez dago.

Bazkarian, edo autobusean izena emoteko: araba.sustapena@bertsozale.eus


Martiak 12, Argantzun

11:00etan, Autobusa Gasteizko Iparralde Gizarte Etxean.

11:30ean, Argantzungo plazan, hitzordua.

12:00etan, Herri osoan zehar. Bat-bateko eta idatzizko taldeekin erronkak.

14:30ean, Bazkaria, plazan (Eguraldi txarra egin ezkero, frontoian) Bazkarian (12€) izena emoteko deitu Arabako Bertsozale Alkartera: 675 70 79 71

16:30ean, oholtza gainean, Bertso-saio musikatua.

17:15ean, oholtza gainean, Bertso-burrukea.

18:30ean, ORKRESTA Elektrotxaranga herrian zehar.

20:30ean, Bertso-ragga, Ansotegi tabernan.

Osorik irakurri