Gaur eguenea, martiaren 10ean, Gasteizko Toponimia V, Arratzua I/ Toponimia de Vitoria V, Arratzua I liburua aurkeztuko dabe Euskaltzaindiak eta Gasteizko Udalak, Gasteizen, Montehermoso / Oihaneder Euskararen Etxean. Elena Martinez de Madina Onomastika batzordeko kide eta euskaltzain urgazlea da lanaren egilea eta Patxi Salaberri Zaratiegi euskaltzaina egitasmoaren zuzendaria. Eurek egingo dabe aurkezpena, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak lagunduta.
Argitalpena Euskaltzaindiak argitaratzen dauen Onomasticon Vasconiae bildumaren 31. liburukia da. Gasteizko Toponimia egitasmoaren babeslea Gasteizko Udala izan da, hasieratik bertatik.
Gasteizko Arratzua merindadea 21 herrik osotzen dabe; hori dala eta, inguruaren hedadura zabalarengaitik, hiru liburukitan aztertuko dira. Arratzua I da lehenengoa eta bertan Arkaia, Arkauti, Betoñu, Elorriaga, Gamiz eta Otazuko leku izenak aurkeztu eta aztertu dira. Gasteizko Arratzua merindadeko herriak ondokoak dira: Aberasturi, Andollu, Arkaia, Arkauti, Argandoña, Askartza, Betoñu, Bolibar, Zerio, Elorriaga, Gamiz, Ilarratza, Jungitu, Lubiano, Matauku, Oreitia, Otazu, Uribarri Arratzua, Uribarri Nagusia/ Ullibarri De Los Olleros eta Villafranca. Danetara, hogei herrik osotzen dabe Arratzua, baina oraingoan sei baino ez dira aztertu: Arkaia, Arkauti, Betoñu, Elorriaga, Gamiz eta Otazu.
Gasteizko udalerriak uria bera eta 64 herrixka hartzen ditu. 400.000 toponimo-erregistroz osotutako datutegian oinarritzen da ikerketea, eta bi urterik behin liburuki bat argitaratzen da Onomasticon Vasconiae bilduman.
Liburua Gasteizko Toponimia egitasmoaren barruan argitaratzen dan bosgarrena da. Aurrekoak honako honeek dira: Gasteizko Toponimia I / Toponimia de Vitoria I (Ciudad / Hiria) eta Gasteizko Toponimia II / Toponimia de Vitoria II ( Malizaeza) (2009); hirugarrena, Gasteizko Toponimia III, Gasteizko Ubarrundia/ Toponimia de Vitoria III, Ubarrundia de Vitoria (2011) eta laugarrena Gasteizko Toponimia IV, Langraiz/ Toponimia de Vitoria IV, Langraiz (2013).
Gasteizko toponimia ikertzeko egitasmoa 1996an abiatu zan eta babeslea Gasteizko Udala izan da, hasieratik bertatik.
Arabako uriburuko 64 herrixketako toponimo guztiak -bai historikoak, bai eta bizirik dirautenak be- era sistematikoan batzea da Gasteizko Toponimia egitasmoaren helburua. Euskaltzaindiaren egitasmo honen datu-baseak 400.000 sarrera ditu.