Zapalduaren Antzerkiaren ganeko bigarren topaketea Gernika-Lumon

Datozen martiaren 11n eta 12an, Gernika-Lumoko Astra, Kulturarako Fabrika sozialean (bariku arratsaldean) eta Elai Alai Aretoan (zapatuan egun osoan) Zapalduaren Antzerkiaren ganeko bigarren Alkarrizketa Biribil KreAktiboa eta Laborategia eskainiko dira.

Zapalduaren Antzerkia Augusto Boalek sortutako metodo eta mobimentua da, ikuslea bere errealidadearen eraldakuntzearen aktore bilakatzea helburu dauena. Saio horreetan Israel eta Palestinatik datozen Combatants for Peace taldeko (bakearen aldeko burrukalariak) zenbait kide egongo dira.

Kontuak kontu, martiaren 11n, barikuan, 18:00retatik 21:00etara, Alkarrizketa Biribil KreAktiboa Combatants For Peace (CFP) israeldar-palestinar mobimentu bakezaleko ordezkariakaz. CFPeko kideek erakutsiko deuskue zelan erabilten daben Zapalduon Anterkia Palestinan Israelgo armadearen okupazinoari aurre egiteko: euren indarkeriarik bako erresistentzia ekintza bateratuak; artibista barrien trebakuntzea; eta gatazkearen konponbidean zein adiskidetzean sakontze-lana, CFPen barruan zein Israel eta Palestina artean.

Martiaren 12an, zapatuan, 10:00-14:00 eta 16:00-20:00. Zapalduon Antzerkiaren ganeko Laborategia, Combatants For Peaceko kideek batera dinamizauta. Interesa dauen edozeinentzako jardunaldi edegia, danon artean ikasi daigun zelan erabili Zapalduon Antzerkia indarkeriarik bako erresistentzia baliabide legez.

Ekimen hau Itsasoratze artibistearen barruan dago, artibismoa edo artearen bidezko aktibismo sortzaile eta indarkeriarik bakoa ardatz dauen ekimena gaur egungo premina sozialei modu eragingarrian ekiteko, ikerkuntzea, parte-hartzea eta erakusketea tarteko dirala. Proiektuan, Donostia2016ren Bakearen itsasargiaren, Gernika Gogoratuz Bakearen Aldeko Aztertegiaren eta Gernikako Bakearen Museoaren argipean jaiotakoan, 2016an egingo diran nazinoarteko zortzi topaketa eta forum bat zein beste hainbat ekintza osogarri izango dira.

Informazino gehiago jasoteko eta izena emoteko, 688 899 950 zenbakira deitu edo alexcarrascosa@gernikagogoratuz.org e-mailera idatzi daiteke.


Combatants For Peace eta Zapalduon Antzerkia

Combatants For Peace (CFP, Bakearen aldeko burrukalariak): israeldar soldadu ohiek eta palestinar miliziano ohiek 2005ean sortutako mobimentu binazionala. Indarkeriaren zikloan oso erantzukizun aktiboa izan ostean, armak ixteko eta alkarregaz lan egiteko erabagia hartu eben, alkarrizketa eta indarkeriarik bako ekintzen bidezko konponbide baketsua sustatzeko. CFPek lekuan bertako indarkeriarik bako ekintza bateratuak egiten ditu eta Zapalduon Antzerkia (ZA) erabilten dabe. ZAren ekintzen bitartez, nazino bietako errazle-taldeek belaunaldi guztietako gizon-emakumeak konprometiduten ditue; era berean, alkarrenganako konfiantza eta laguntzeari bidea emoten deutsee, bestea, arerioa humanizetan lagunduz. CFPeko kideek dinoenez, israeldar eta palestinar herritarrak ekintza kultural baketsuetan batera konprometiduten diranean, bertan ezinbestean dagozan segurtasun indarrek be gozetan dabe. Zapalduon Antzerkiaren ezaugarririk handienetako bat umorearen eta ekintza fisikoaren erabilerea da, horreen bitartez jentea batera daitekeelako muga linguistiko, kultural eta politikoez harago.


Topaketan parte-hartzaileak

- Ayman Alhelou (Jeriko): Zapalduon Antzerkiaren kidea CFPen eta Jerikoko merkataria. Berarentzat, eretxi desbardinei zabalik egoten bakarrik abiatu daiteke zapalkuntzearen amaierarantz. Hain zuzen, antzerkiak Aymani lagundu deutso okupazino eta okupatzaileagazko gatazkeari formea ematen. Jerikoko Artisten Batasuneko kide izateak bere ikuspegi artistikoa eta bardintasunaren zein bestearen onespenaren adierazpena garatzen lagundu deutso, erlijinoa eta nazionalidadetik harago.

- Taqwa Attallah (Nablus): Zapalduon Antzerkiaren praktikatzailea. Zapalduon Antzerkiari esker neure mezua indarkeriarik barik adierazoteko gauza izan naz, eta hori, okupazinoa dala eta, benetan gatxa da palestinar batentzat. Antzerkia hizkuntza unibersala da, persona orok ulertu leikena, eta neure ahotsa eta mezua munduari helarazoten laguntzen deustana. Taqwak luze pentsau ondoren erabagi eban CFPn sartzea, behin ondorioztaturik israeldar okupazinoak eta israeldar-palestinar gatazkeak indarkeriarik bako eta bakezko bideaz bestelako konponbiderik ez daukala.

- Maayan Rahamim (Tel Aviv): Antzerkiaren israeldar koordinatzailea CFPn. Burruka-soldadu ohia eta Israelgo armadako eliteko talde bateko komandante ohia, Zisjordaniako lurralde okupatuetan izandakoa. Bere soldadutzea bete ostean Tel Aviveko Arteen Akademian antzerkia ikasi eban, eta gaur egun Israeldar Antzerkiaren aktorea da. CFPen jarduerea ezagutu ebanean, mobimentuko kide egin zan eta antzerkiari buruzko ezagutzak ekarri. Chen Alonen gidaritzapean, Maayanek CFPen Antzerki taldea koordinetan dau palestinar ordezkari bategaz batera.



Zapalduaren Antzerkia, DSS2016EUko beste proiektu batean be erabilten dan metodologia

Zapalduaren Antzerkia Donostia 2016ren Antzerki-foruma: eta hik zer? ekimenean be erabilten dan metodologia da. Proiektu honek antzerkia gizarteko indarkeriak eta gatazkek eragindako sentimenduei, kontraesanei eta arketipoei heltzeko tresna lez erabiltea proponiduten dau.

Osorik irakurri