Peiremans+en bigarren lagina, "zerbait duina eta polita"

uriola.eus 2016ko mar. 10a, 13:48

Lozorrora itzuli aurretik, Peiremans+ taldeak, bere bigarren beroalditik ateratako bost kanturekin diskoa kaleratu du, ekoizpen lanak bere gain hartuz. Gorka Urbizuk eta Imanol Ubedak iragarri dutenez, hiru kontzertu "baino ez" dituzte emango. Madrilen, Bartzelonan eta, "azkena", Durangoko Plateruenan martxoaren 19an.

Ez ziren bueltaltzekoak. "Gure itzulera ez zegoen iragarrita", dio Peiremans+ taldekideen erdiak. Baina itzuli ziren iazko azaroan "beroaldi" baten ondoren. Izan ere, desagertutako banda bati gerta dakioken "gauzarik politena" gertatu zaie. Peiremans+en abestiek, talderik gabe ere, aurrera egin dute "beren bidea eta lana eginez". Gainera, nor bere taldearekin ibili den bitartean, Peiremans+ek "eskaintza piloa" jaso ditu, Euskal Herrikoak eta kanpokoak. Eta, azkenik, etsi dute. "Abentura gogoak" itzularazi ditu.

Futboleko terminologia erabiliz, taldeak "luzapenean", argitaratutako bost kantu berri aurkeztu ditu gaur 'Bigarren saria' izenarekin. Kantuok galduko balira "gero damutuko" zirela jabetuta jo dute berriro Bonbereneara, Karlos Osinaga Txap-enganan Gorka Urbizuk (Berri Txarrak), Imanol Ubedak (Bide Ertzean), Marino Goñik (Balerdi Balerdi) eta Txikik (Kashbad). "Orain, gutxienez", Peiremans+ek baditu "10 kantu propio" ordubeteko errepertorioa betetzeko. 

"Hamar urte ez dira alperrik pasatzen", eta bidean ikasitakoak "disko osoagoa" egiteko balio izan du Urbizuren hitzetan. Bai Txapen bai taldearen "eskarmentua" nabaria da 'Bigarren saria'-ren ekoizpenean, aurreko EParekin alderatuz. Pop melodiak dira bost kantu berriak, atzean "gitarra zorrotzak" dituztela. Hitzetan gai sakonak, langileen egoera esaterako, eta ez hain sakonak. "Transzendentzia kendu eta ondo pasatzea gustatzen zaigu. Peiremans+en helburuetako bat ondo pasatzea baita". Lortu dute, bai, helburua. Taldearen bigarren epealdiaren "lagin bat" uztea. "Zerbait duina eta polita" eta, era berean, elkarrekin dibertitzea. 

 

Hiru kontzertu asteburu bakarrean

Hiru kontzertu "baino ez dituzte emango". Iazko azaroko emanaldi extrarik ez da iznago oraingo honetan.

Madriletik gonbidatu zituztenean, "joan beharko dugu", pentsatu zuten. Esan eta izan. Moby Dick aretoan emango dute hiru kontzertuetatik lehena martxoaren 17an. Hurrengo egunean Bartzelonan joko dute Apolo aretoan. Eta, azkenik, martxoaren 19an, Durangoko Plateruenan. "Despedida modukoa" izango da Durangokoa. "Itzulerarik ez da egongo momentuz". Ondoren, Peiremans+ berriro ere lozorrora itzuliko da.

'Bigarren saria' diskoa eskuratzeko: 

facebook.com/peiremans 

twitter.com/Peiremansband

Plateruenako kontzerturako sarrerak eskuratzeko: 

www.musikaze.com/peiremans