'Itsasadarra, zubiak eta emakumeak' ibilbidea egiteko aukera apirilaren 30era arte luzatu dute

uriola.eus 2016ko mar. 11a, 07:00

Udalak 'Itsasadarra, Zubiak eta Emakumeak' izeneko ibilbidea antolatu zuen martxoaren hasieran eta, ekimenak izan duen arrakasta ikusita, programa apirilaren 30era arte luzatzea erabaki du. 

Itsasadarraren ondoko ibilaldi gidatu hauetan Bilbo arkitektonikoa bisitatzen da: San Anton zubia, Erriberako Merkatua, Erriberako zubia, Mesedeetako zubia, Areatzako zubia, Udaletxeko zubia, Uribitarteko kaiak eta behinolako aduanaren eraikina. Toki horien historia ere ikasten da, emakumeek uriaren eraikuntzan egin dituzten ekarpenak, izan dituzten bizipenak eta eragina azpimarratuta. Jarduera honekin, emakumeen bizimodua agertu nahi da, zertan egiten zuten lan, zeintzuk ziren euren ohiturak eta egitekoak eta zer-nolako aldaketak ekarri zituen historian zehar gizonek egin izan dituzten lanak emakumeak egiten hasi zirenean XX. mendean.

Taldekako eta doako ibilaldi hauek egiteko izena eman behar da 010 edo 94 401 00 10 telefonoetara deituta 08:00etatik 20:00etara bitartean. Ibilbideari buruzko azalpenak euskaraz ala gaztelaniaz jaso nahi dituzten adierazi behar da.