Aste honetan, martiaren 14tik 20ra, Bilboko eta Gasteizko Udalek, Kaldearte eta Bilboko Kalealdia kaleko antzerki jaialdien bitartez produziduten daben Lurrak zirku garaikide ikuskizunaren produkzinorako hirugarren arte egoitza –entseguak– egingo ditue Bilbon, Bilboko Ekoizpen Eszenikorako Barrikuntza Zentroan.
Zuzeneko musikea dauen euskal zirku garaikideko ikuskizuna Adrian Schavarztein clown eta zirku eta antzerki zuzendari ospetsuak zuzenduko dau. Lurrak datorren udabarrian estreinauko da kaleko bersinoan Kaldearte barruan, eta udan helduko da Bilbora, Bilboko Kalealdiaren – Kaleko Arteen Jaialdiaren programazinoaren barruan. Aretoko bersinoa, barriz, ez da zemendira arte aurkeztuko, Santurtziko Nazioarteko Antzerki Jaialdian.
Joan dan zezeilean egin eben ikuskizunerako castinga Bilbon eta Gasteizen. Horren emoitzea, 5 antzezlek eta 4 musikarik osotutako taldea da. Horreek izango dira euskal eszena garaikidean, dimensinoa eta tipologia kontuan izanda aurrekaririk ez dauen ikuskizuna eszenaratuko dabenak.
Orain arte arte egoitza bi egin dira, kaleko bersinorako entseguetan oinarrituta, Bilbon eta Louhossoan (Frantzia), eta horreei Harrobia Eskenan egingo dan lanez betetako astea gehituko jake. Ondoren, entseguak Gasteizen egingo ditue, eta bertan egingo dabe azken egoitzea maiatzean, bagilaren 10erako, Kaldearten, aurreikusita dagoan estreinaldira arte. Horren ondoren, bagilaren 27an eskainiko da, bagilaren 27tik ugaragarrilaren 2ra egingo dan Kaleko Antzerki eta Arteen jaialdian.
Interpretazino taldea
Interpretazio taldeko artistak Ortzi Akosta, Izaskun Agirresarobe, Gaizka Chamizo eta Marc Muñozek eta Nuria Puigek osatzen duten bikotea dira. Ortzi Akosta gasteiztarra Uztaietako Espainiako txapeldun izan zan lau aldiz, eta 1.500 ikuskizun baino gehiago egin ditu Cirque du Soleil ezagunagaz. Izaskun Agirresarobe mundakarrari jagokonez, 2004an hasi eban prestakuntza zirkuaren, antzerkiaren, clownaren eta gorputz adierazpenaren eremuetan, eta alor horreetan dabil.
Gaizka Chamizori jagokonez, antzerkiko antzezle, pailazo eta clowna be bada, baina bere espezialidade nagusia akrobazia da. Marc Muñozek eta Nuria Puigek osotutako bikote katalanak, baskulan espezializautako bikote akrobatikoa osotzen dabe, eskutik-eskurako orekak eginez. Horrezaz gan, musika trebeziak be baditue, izna be, klarinetea, saxofoia, kontzertina eta zerrotea joten ditue.
Musikariei jagokenez, Mikel Hernández Urrutia eta Anai Gambra txalapartari nafarrek, Unai Laso Santurtziko trikitilariak eta Roberto Castro, hau be santurtziarra, eta albokea, gaita bizkaitarra eta galiziarra, zenbait txirula, harmonika, ukelelea, gitarrea eta mandolinea, panderoa, kanabera edo tarrañuelak joten dituanak, osotzen dabe taldea.
Ikuskizunaren zuzendaria, barriz, Adrian Schvarzstein clowna, antzezlea, zirkuko eta antzerkiko zuzendaria, pailazo-showman energetikoa da, eta 1989tik dabil antzerki munduan. Commedia Dell'Arten ikasi eban, Italian, Antonio Favagaz, baina Europa osoan trebatu da antzerkiaren alorrean. Kaleko hainbat antzerki konpainiatan egin dau lan, eta ikus-antzerkia, operea, musika barrokoa eta publizidadea be jorratu ditu.
Oraindino biran jarraitzen dauen Klezmer zirku ikuskizunaren bultzatzaile nagusia da, eta Belgikako Ronaldo zirkuan be ibili da. Bakarka egin eban lehenengo sorkuntza lana Greenman izan zan, eta haren ondoren The bed, antzezle onenaren saria Haifako jaialdian 1998an eta Dans, protagonista nagusiak ikus-entzuleak diran kaleko ikuskizuna, etorri ziran. Kamchatka taldea sortu eta zuzentzen dau.
Zuzendaritza lanetan Adriani laguntzeko, Arriaga Antzokian, Centro Dramático Nacional izenekoan edo Yllana konpainian, besteak beste, 40 antzezlan baino gehiagotan antzezle ibilitako Jon Ariño dago. Horrezaz gan, La Machina, Mama Crea, La Dinámica, Teatro Mutante, Hortzmuga edo Salitre konpainietako ikuskizunen zuzendari be ibili izan da.