Martxoaren 3ko goizaldean Honduraseko lenken etniako buruzagi ezaguna zen 45 urteko Berta Caceres emakume indigena erail zuten. Caceres Honduraseko Herri Erakundeen eta Indigenen Gizarte Kontseiluko (COPINH) koordinatzailea eta giza eskubideen defendatzaile nabarmena zen.
Amerika Arteko Giza Eskubideen Gorteak (CIDH) Bertaren babeserako kautelazko neurriak ezarri zituen, mehatxuak jaso berri zituen-eta. Bere lan historikoagatik, Ingurumenerako Goldman Saria eman zioten iazko apirilean. Martxoaren 3an, ordea, bizitzeko eskubidea kendu zioten indarrez.
Gaurkoa, martxoaren 14a, egun adierazgarria da, Ibaien Aldeko Munduko Eguna delako. Hori dela eta, Berta "modu berezian" gogoratuko dute Bilboko hainbat elkartek "egun esanguratsu honetan, egin zuen lan eskergagatik eta Hondurasen eraikitzen ari diren hainbat presaren aurka garatu zuen borrokagatik".