Bilbotar gehienek ezingo dute konpostik egin 2016an ere

Zero Zabor 2016ko mar. 14a, 09:45

Bilboko auzo gehienek organikoa banatzeko sistemarik gabe jarraituko dute 2016an. Bilbon sortzen diren etxeko hondakinen %19 bakarrik bidaltzen da birziklatzera.

Bilbo Euskal Herriko hiririk handiena da. Eta zaborrik gehien sortzen duena ere bai. 2014an, adibidez, 116.095.551 kilo etxeko hondakin sortu zituen, eta horietatik %19 bakarrik bidali zituen birziklatzera.

Zabortegira bidali zituen 94.418.740 kiloetatik gehienak hondakin organikoak ziren. Konpostatu ahal diren hondakin organikoak, hain zuzen ere.

2015eko datuen zain gaude, baina zoritxarrez egoera ez da asko hobetuko.

Gaur gaurkoz, bilbotarrek oso aukera gutxi daukate euren hondakin organikoak konpost bihurtzeko. 2011. urtean udalak hondakin organikoak banatzeko edukiontziak ipini zituen Deustuko barrutian.

Eguzki talde ekologistak salatu dutenez, jende gutxik parte hartzen du proiektuan, eta organiko gutxi jasotzen da edukiontzi horietan.

Datu ofizialek salaketa hori berretsi egiten dute eta Udalak ez du egoera hori hobetzeko proposamenik aurkeztu.

Gainera, 5 urtean udalak ez du edukiontzi gehiagorik ipini Bilbon, eta bilbotarrek euren hondakin organikoak zaborretara bota behar izan dituzte.

2016ean panorama ez da asko aldatuko. Udalak organikoa banatzeko edukiontziak ipiniko ditu Otxarkoaga, Txurdinaga eta Uribarri inguruetan. Baina Bilboko auzo gehienek organikoa banatzeko sistemarik gabe jarraituko dute aurten ere. Santutxuko, Alde Zaharreko, Errekaldeko edo Indautxuko auzotarrek, besteak beste, euren organikoa zaborretara botatzen jarraitu beharko dute.

Bizkaiko zabortegiak gainezka daude, urteetan hondakinak ardura gabe sortu eta bota ditugulako. Eredu hori aldatu beharra daukagu, zero zabor helburua lortzeko lan egin behar dugu. Eta horretarako ezinbestekoa da Euskal Herriko hiririk handieneko biztanleek euren hondakinak ondo bereiztea. Eta hiri horretako udalari dagokio bilbotarrek hori egin dezaten baliabide egoki eta efikazak ezartzea.

 

Testua: Zero Zabor, ingurumen babeserako elkartea

zerozabor@zerozabor.org