Bilbo, soinu-bizikidetzarako espazioa

uriola.eus 2016ko mar. 14a, 09:15

Bilbo soinu-bizikidetzarako espazio bihurtzeko asmoarekin, kutsadura akustikoaz haratago doan soinu-estrategia taxutzen ari da Bilboko Udala. Urtebete iraungo duen estrategia honetan, herritarren partaidetza ezinbestekoa dela adierazi du Udalak. 

Bilboko Udalak, soinu bizikidetzarako espazio bihurtu nahi du Bilbo. Horretarako, soinu-estrategiak hainbat alderdi aztertuko ditu, kutsadura akustikoaz haratago doazenak. Udalak hainbat urte daramatza eginkizun horretan, Udal Ordenantza aplikatuta eta zaraten mapa estrategikoak eta ekintza-planak gauzatuta. Alfonso Gil Bilboko Udaleko Alkateorde eta Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Saileko zinegotziak adierazi duen bezala, "betearazpen eta administrazio mailako ekintzak sartuko dira estrategia horretan", guztiek ere, garatu ahal izateko, "herritarren partaidetza handia" beharrezkoa delarik.

Testuinguru honetan, jada abian da hiritarren arteko aurreneko kontsulta  hiriko alde guztietako sentsibilitateei buruzko informazioa biltzeko asmoz. Kontsulta publiko horrekin, abiaburuko datuak eskuratu nahi dira, hiriaren egoera akustikoa diagnostikatzeko eta baliabideak identifikatzeko.  

Urte honetan zehar, parte-hartze birtualeko eta presentzialeko bost ekintza aurreikusten dira soinu-estrategia taxutu ahal izateko. Hartara, herritarrek martxoan kontsulta egin ahalko dute lotura hauen bidez: http://city.createlli.com/eu/bilboentzun-bilbaoescucha. Lehenengo kontsulta honetarako epea apirilaren 11an amaituko da. Hurrengo bileretara joanda parte hartu nahi dutenek euren kontaktua utz dezakete amaitzean.