Langileek jasotako bi ezezko salatzeko egingo dute mobilizazioa. Batetik, Zuzendaritzak eman diena, uko egin baitio zerbitzuaren garapenean dauden arazoak konpontzeari eta langileen baldintzak hobetzeari; eta bigarrenik, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailarena, ezetz esan baitio Enpresa Batzordearekin biltzeari eta gatazkan bitartekari izateari (Foru Aldundiak berak finantzatzen duen zerbitzua da).
Honekin lotuta, eskaria erregistratu dute Bizkaiko Batzar Nagusien Herritarrekiko Harremanen Batzordean agerraldia egiteko. Horrela, Batzarretako taldeei elkartearen egoera azaldu ahal izango diete, euren konponbiderako proposamenekin batera, eta zerbitzuaren kalitatearekin eta langileekin konpromisoak hartzera dei egingo diete.
Langileen eskakizunak honakoak dira: negoziazio kolektiboa desblokeatzea; 5 urtez soldata izoztua izatearen eta horrek berekin dakarren eros ahalmena galdu izanaren ordainez soldata hobetzea; enpresa eta batzordearen arteko harremanak normalizatzea, horrela geure buruak behartuak ikus ez ditzagun, enpresak hari dagozkion betebeharrak bete ditzan, gatazka kolektiboa ekidite aldera; antzinatasuna eta oporretako osagarriak; lan osasunari dagokionez, prebentzio neurriak; Berariazko Prestakuntza plana, lanbide akreditazio bitartekoan parte hartzeko eta azkenik, behin-behineko langileak kudeatzeko sistema.
11:00etatik 11:30ak arte kontzentrazioa egingo dute Aldundiaren Jauregiaren aurrean. Handik, Gorabide Elkartearen bulego nagusietaraino joko dute, Poza 14. kalean.