Turistentzako euskerazko hiztegia plazaratu dabe Donostian

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko mar. 15a, 00:00

Aurten Donostia Europako Uriburu Kulturala danez, kanpoko bisitari asko espero ditue. Horregaitik, euskerazko berba eta esamoldeen hiztegi txikia plazaratu dabe, turistek euskerazko oinarrizko esaldiak erabili ahal izan daiezen. Zortzi hizkuntzatan egongo dira hiztegiak eta 80.000 ale banatuko dira.

Donostia 2016gaz batera, Donostiako Udala eta Bagera euskera alkartea dagoz egitasmoaren atzean. Miren Azkarate zinegotziak azaldu dauenez, hizkuntzak hartu-emonetarako tresnak dira eta kanpotik datozanek badaukie interesa euskereagaz. Orain dala urte batzuk argitaratutako hiztegia barritu, eguneratu eta barriro kaleratzea erabagi dabe, beraz.

Oinarrizko hiztegia da, poltsikoan eroateko modukoa. Bost zatitan banatu ditue berba eta esamoldeak: Lehenengo agurrak datoz, ondoren leku izenak eta bertara heltzeko argibideak. Hirugarren atalean ostalaritzeagaz lotutako berbak jaso dira eta laugarrenean, egunak, hilabeteak eta urtaroak. Amaitzeko, euskerearen ezaugarriei buruzko datuak emoten dira.

Euskerazko berbak beste zazpi hizkuntzatara itzulita topauko ditue erabiltzaileek hiztegian: Gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez, alemanieraz, galizieraz eta italieraz. Turistek Donostiako errealidade linguistikoa ezagutzeko tresna aproposa dala uste dabe bultzatzaileek.

Oraingoz, 80.000 ale argitaratu ditue. Donostian turistarik gehien ibilten diran lekuetan banatuko ditue: Turismo bulegoetan, museoetan, hoteletan eta abar. Interesa daukien eragileek doban eskatu leikeez ale batzuk, bisitariei emoteko.

Osorik irakurri