Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak, Nekane Alonso Kulturako zinegotziak, Jose Fernandez de la Sota idazleak eta Felipe Loza aktoreak eta ikasle gazte bik olerki-sorta bat irakurri dute gaur goizean, 50eko hamarkadako poesia sozialaren ahotsik ezagunenetako eta literatura garaikideko autorerik handienetakoaren obraren eta bizitzaren gomutan.
Arratsaldean, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak, Bernardo Atxaga edo Joan Margarit bezalako egileek Blas de Otero gogoratuko duten ekitaldia jasoko du, 19:30etik aurrera. Egilea alderdi guztietatik gogoratuko dute, pertsonaletik eta literaturarekin lotuta dagoenetik. Zenbait poema irakurriko dira. Atxagak, Andres Urrutia Euskaltzaindiako presidenteak euskarara itzuli berri duen Istorioak, alegiazkoak, nahiz egiazkoak lanaren parte bat irakurriko du.
Topaketa Sabina de La Cruzek, fundazioaren presidente eta Blas de Oteroren lana gehien aztertu eta ondoen ezagutzen duen pertsonetako batek, aurkeztuko du.
Bidebarrietako Liburutegiak, udalaren funtsetan zeuden egilearekin erlazionatutako zenbait materialen aukeraketa bilduko duen erakusketa bibliografikoa ere jasoko du gaurtik aurrera.
Literaturako figura garrantzitsuenen arteko topaketek, maiatzaren 30etik ekainaren 4ra egingo diren jardunaldiekin izango dute jarraipena, Bidebarrieta Kulturgunean. Topaketak Oteroren lanaren zenbait alderdiren azterketan zentratuko dira, eta bertan parte hartuko dutenen artean Pere Gimferrer idazlea edo Paco Ibañez kantautorea daude.
Beste alde batetik, eta Poesiaren Munduko Egunarekin bat etorriz, martxoaren 21ean –20:00etan–, Historia (casi) de mi vida lanean oinarrituta dagoen eta Ramon Bareak zuzendu duen antzezlana estreinatuko da Azkuna Zentroaren auditorioan. Bertan, Blas de Otero saltoak emanez arituko da, bere bizitzari eta lanari buruzko azalpenak emanez. Oraingo honetan, Felipe Lozak, Jose Luis Estradak, Mikel Losadak eta Irene Bauk jarriko diote ahotsa poetari, eta Naiel Ibarrola marrazkilari, musikari eta jazz kritikariak musikaz lagundu eta grafismoa egingo du. Antzerkirako moldaketa lan horretan Jose Fernandez de la Sota poeta bilbotarrak ere hartu du parte.
Sarrerak eskura daitezke Info Puntuan eta Bidebarrieta Kulturguneko webgunearen bitartez, 12 euroan (10 euro Azkuna Zentroko bazkideentzat).
Blas de Otero-Bilboko Hiria Poesia Saria
Gaur ere zabalduko da Blas de Otero-Bilboko Hiria Poesia Sariaren IX. Ediziora lanak aurkezteko epea. Sari hori 2008an jarri zuen martxan Bilboko Udaleko Kultura Sailak, Blas de Otero Fundazioarekin elkarlanean. Sariaren helburua literatura sorkuntza sustatzea eta hiriak emandako egile garrantzitsuenetako baten irudia Bizkaiko hiriburuko biztanleei hurbiltzea da. Sariak 5.500 euro banatuko ditu bere modalitate bakoitzean, euskaraz eta gaztelaniaz.
2015ean ospatutako zortzigarren edizioan, gaztelaniazko modalitateko irabazlea Ramon Perez Parejo idazlea izan zen, Gremios poesia liburuarekin, eta euskarazko saria Mikel Etxaburu Osak lortu zuen, Hirian zainetan lanari esker. Azken edizio horretan 449 poesia liburu aurkeztu ziren –10 euskaraz– horietako asko Amerika erdialdetik eta hegoaldetik bidalitakoak. Horrek argi eta garbi uzten du erabat finkatuta dagoen sariaren nazioarteko izaera.
Blas de Otero-Bilboko Hiria Poesia Sariaren IX. Ediziora lanak aurkezteko epea 2016ko maiatzaren 30ean amaituko da. Sariaren oinarriak helbide hauetan daude:
www.bilbao.eus/premioblasdeotero (gaztelaniaz)
www.bilbao.eus/blasdeoterolehiaketa (euskaraz)