Atzo abiatu zen Herri Unibertsitatea Bilboko hainbat fakultatetan eta asteazkenera bitartean, ikasleak egitarau zabala prestatu dute "herritik eta herriarentzat" izango den unibertsitatea aldarrikatzeko. Ikasturte osoa eman dute #HezkuntzaKritikoaSortzen Bilboko Unibertsitateetan, "egungo hezkuntza eredu merkantilistaren hutsuneak kritikotasunez aztertuz eta eredu berri baterako ideak landuz".
Atzo ordea, Herri Unibertsitatearen lehenengo gauean, Ertzaintzak San Mamesen zeuden 41 ikasleak fakultatetik kaleratu eta identifikatu zituen. 22:00ak aldera jakin zuten gazteek, ikastetxeko zuzendariak deituta, Polizia bertara zihoala. Barruraino sartu ziren eta ikasleek uko egin zieten beraien kabuz altxatu eta zentrotik ateratzeari; beraz, ertzain gehiagok hartu zuten Ingeniaritza eskolarako bidea. Banan-banan gazteak ateratzeari ekin zioten desalojoa gauzatu arte.
Kanporatu zituztenean, Sarrikoko fakultatera zein Leioako unibertsitatera egin zuten ikasleek egitasmoarekin jarraitzeko eta gaur zein bihar, Sarrikon emango diete segida San Mamesen egitekoak ziren ekintzei.
Topatu.eus agerkariak azaldu duenez, Ingeniaritza fakultateko ikasleek azaldu zieten, EHUko errektoretzak ez duela begi txarrez ikusten ekimena, baina San Mameseko zuzendaritzak debekatu egin duela "inongo arrazoirik eman gabe". Salatu dutenez ere, "ez du gaiaz eztabaidatzeko bileretan parte hartzeko asmorik erakutsi eta zuzenean deitu du Polizia desalojoa gauzatzeko".
Guzti hone aurrean, martxoaren 17an, 10:30ean, prentsaurrekoa emango dute San Mamesen eta hilaren 22an asanblada irekia deitu dute.