VIII. Udaltop, Udaletako Euskera Zerbitzuen topaketea Lasarte-Orian izango da apirilaren 21 eta 22an. Aurten galdera bikotxa dakar: Kirola D ereduan, noizko? Nork eta zer egin geinke gazteen euskerazko kirol jarduna ziurtatzeko? 8-16 urte artekoen kirol jarduerea izango da berbagai. Gaia sano zabala danez eta euskera zerbitzuetako teknikarien egitekoak gainditzen dituanez, baita udalenak be, bart aurkeztutako egitaraura alor desbardinetatik ekarri ditue hizlariak antolatzaileek, eta parte-hartzaileak be eremu desbardinetakoak nahi ditue, udaletako euskera teknikarien osogarri.
Udaltop topaketen aurkezpena hasiera-hasierako antolatzaile diran hiru erakundeetako ordezkariek egin dabe: Jorge Giménez Bech Eusko Jaurkaritzako HPSko Hizkuntza Ikerketa eta Koordinazinorako zuzendariak; Mikel Irizar Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Bardintasunareko zuzendariak eta Jon Antxordoki Lasarte-Oriako Euskera Saileko buruak. Laguntzaile lez, bat egin dabe ekimenagaz Eudelek eta Uemak eta, lehenengo aldiz, Nafarroako Gobernuko Euskarabideak.
Jorge Giménezek gaiak euskerearen erabilerearen normalizazinoan dauen garrantzia azpimarratu dau, batez be gazteenen kasuan, euskereari kutsu akademikoa kendu eta aisialdiagaz eta ikuspegi ludikoagaz lotzen dauelako. Euskerearen Agenda Estrategikoaren zein ESEP ekintza planean jasota dago eremu hori landu beharra, baina beste kontu bat da zelan asmau eta zelan lortu, ume eta nerabeen kasuan, eskutik joatea kirola eta euskerea, euskerea eta kirola. Lehentasunezko gai bati zeharkakotasunetik heltzeak be emoten deutso aparteko garrantzia, Giménez Bechen ustez, aurtengo edizinoari.
Kontuak kontu, gatxa izango da Udaltopek irauten dauen bi egunetan behin betiko konponbideak topetea baina, topaketen egiteko nagusia horixe izanik, gehiegi landu ez dan gai bati buruzko hausnarketeari ikuspegi askotatik helduko deutsie. Mikel Irizarrek azaldu dauenez, euskalgintzea bidegurutze, krisi aktibo edo dana dalakoan dagoan honetan argi dagoan gauza bakarretako bat da akaso gauzaren batzuk diferente egin behar dirala. Desbardin eta alkarlanean, inork ez baitauka soluzinorik bere kabuz. Alde horretatik, eta aktibazinoaren ikuspegitik, zeozer barria ekarri leike aurtengo saioak.
Aurtengo gaia sano zabala dalako, ikuspegi desbardinak jasoko ditue Lasarte-Oriako Manuel Lekuonan aurkeztuko diran hamar ponentziek: 16 urtetik beherakoen kirolaren antolamendua EAEn zen Nafarroan; araubidean egin daitekezan hobekuntzak euskerearen erabilerea indartzeko; ikuspegi pedagokiko-linguistikotik egindako ekarpenak; gazteen euskerazko kirol jarduna areagotzeko praktika onak; bidean diran ikerketaren batzuen aurkezpena... Hizlarien artean be aniztasun handia egongo da. Aurkezlea, barriz, bera da egun bietan: kazetari, kirolari eta ETBko aurkezle Ibon Gaztañazpi.
Barrikuntzen artean mahai-inguru bi eta alkarrizketea nabarmendu ditu Lasarte-Oriako Euseara Saileko lehendakariak. Aurreratu dau aurtengo edizinoan ez dala talde-lan saiorik egingo. Mahai-inguruak apirilaren 21eko bazkalostean egingo dira, jatetxean bertan eta, aldi berean egingo diranez, izena emoteko orduan (apirilaren 15a arte dago zabalik, hemen) bietako bat aukeratu beharko da. Zelan kudeatu euskerea gaztetxuen kiroletik elite kiroleraino? eta Zelan eragiten gagoz gaztetxuen kirol jarduerako hizkuntzan gure herrian? dira parte-hartzaileek aukeran dituen bi gaiak. Bigarren egunean, apirilaren 22an, goizez izango da saioa eta, jardunaldien ondorioak aurkeztu aurretik, alkarrizketa formatuko barriketaldi laburra izango da Gaizka Garitano futbol entrenatzaileagaz.
Izena emoteko epea zabalik dago honezkero eta, Topaketak antolatzen dituen erakundeetako ordezkariek azaldu dabenez, parte-hartzaileen aldetik be aniztasuna komeniduko litzateke ekimena ahalik eta aberatsean izan daiten, horrenbeste eragileren jarduna batzen dauen gaia izanik danen ikuspegi eta ekarpenak batzea baita helburua. Lekua ez da arazo izango, 300 jeserleku baititu Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxeko areto nagusiak.