Haur eta gazteentzako ekimen hau orain dela hamar urte baino gehiago jarri zen abian, familiako aisialdi jarduera osasungarria sustatzeko helburuz; Itsasadarraren ingurumenaren leheneratzeaz gozatu, eta estuarioan dauden espezieak ezagutzeko aukera ematen du jarduerak.
Jarduera 16 urtera arteko pertsonei dago zuzenduta, eta, ohikoa denez, Bilboko Erripa kaian egingo da, Areatzako zubiaren ondoan, 11:30etik 13:30era, igandero –Aste Santuko igandean izan ezik, igande horretan ez baita eskolarik izango–, maiatzaren 29ra arte.
Parte-hartzaile guztiei aseguru bat egingo zaie, eta beharrezko baliabide teknikoak ere jarriko dira euren esku: arrantzako ekipo osoak (kanaberak, txirrikak, berunak, amuak...), neurtzeko eta pisatzeko tresnak (metroak, baskulak, kuboak, balizatzeko zintak...), ikasteko materiala (dianak eta doitasun eta jaurtiketa materialak...), ordezko piezak, etab. Eremua egokitu egin da, desgaitasun fisikoa duten pertsonek ere bertara joateko aukera izan dezaten.
Jarduera hau abian jartzea, duela hamar urte baino gehiago, erronka handia izan zen Ur Partzuergoarentzat zein Arrantza Federazioarentzat berarentzat; hala ere, proiektuaren emaitzak hasiera batean uste zena baino askozaz harrigarriagoak izan dira, jendeak ekimenari egin dion harrera ona dela-eta. Era horretan, 2015ean 3.000 ume baino gehiago aritu ziren kirol arrantzan, igandeetako topaketetan (1.798) eta Aste Nagusian antolatutako Arrantza Eskolan (1.283).
Gero eta harrapaketa gehiago egoten dira, eta sailkatutako espezieak ere askotarikoak dira. Horrek Itsasadarraren osasun ona eta bere uren kalitatea herritarren gozamenerako berreskuratzen ari garela erakusten du.