The Who talde ezagunak Gasteizen joko dau bagilean, Azkena Rock Festivalen

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko mar. 15a, 00:00

Talde beteranoa da The Who britainiarra, mende erdi baino gehiago daroa isildu barik, baina zuzeneko kontzertu indartsuak eskaintzen ditu oraindino. Azkena Rock Festival jaialdiko arduradunek baieztau dabenez, Gasteizen joko dau talde mitiko horrek, bagilaren 17an edo 18an.

Britainia Handiko musikearen historiako talderik garrantzitsuena da The Who. Rock britainiarraren hirutasun santuan sartu zituan Rolling Stones aldizkariak behinola, The Beatles eta The Rolling Stonesegaz batera. Gasteizen kartelburu izango dirala baieztau dau jaialdiaren antolatzaile Last Tour-ek.

The Detours izenagaz sortu eben taldea 1960ko hamarkadan eta High Numbers izena be erabili eben gero, baina lehenengo arrakastea The Who izenagaz etorri zan: I can´t explain abestia. Horrek lehenengo diskoa, My generation, egiteko indarra emon eutsen eta hori be arrakastatsua izan zan. Harrezkero, 100 miloe disko baino gehiago saldu ditue.

Roger Daltrey, Pete Townshend, John Entwistle eta Keith Moon dira taldeko kide ezagunenak. Gaur egun, azken biak hilda dagoz, baina. Lehenengo biek, ostera, 52 urte daroez taldean. The Who eragin handiko taldea izan zan rock munduan: Hard rock, punk rock, pop art eta mod mobimenduetako aurrekaritzat joten dabe adituek. Rock opera kontzeptuaren aitzindariak be izan ziran.

Azkena Rock Festival bagilaren 17an eta 18an egingo dabe. Gasteizen izango dira, The Whogaz batera, Primal Scream, Lucinda Williams, Vintage Trouble, Radio Birdman eta beste asko.

Osorik irakurri