Erein argitaletxeak mendebaldeko literaturan ezinbestekoak diran irakurgaiez osotuko dan 4nak sail barria aurkeztu dau. Saila hamasei-hamezortzi urte bitarteko gazteei zuzendua dago eta aitatu tituluak euskeraz eta eleberri laburren formatuan emotea da argitaletxearen asmoa. Esangura horretan, lehen bi aleak Franz Kafkaren Metamorfosia eta Herman Melvilleren Bartleby eskribatzailea dira, eta Anton Garikanok eta Juan Garzia Garmendiak itzulita datoz.
Liburu labur baina eraginkorrak, mendebaldeko literaturea mobidu dabenak, azaldu dau Inaxio Mujika editoreak. Sailaren hartzaileak 16-18 urteko gazteak, Batxilergoko ikasleak, izango dirala adierazo dau Mujikak, baina itzulpen zaindu eta erakargarri horreek edozeinentzat be izan daitekezala nabarmendu dau.
Kafkaren Metamorfosia Anton Garikanok itzuli dau. Autore txekiarraren obra hau euskerara birritan itzuli bada be (lehenengo aldiz Xabier Kintanak itzuli eban, 1970ean), itzulpena zuzenean bersino alemanetik egiten dan lehen aldia dala nabarmendu dau Mujikak. Bere aldetik, Garikanok Ereinen sail barri honetako lehen bi itzulpenen arteko puntu amankomunak aitatu ditu: Melvilleren Bartleby eskribatzailea eleberria aurrerago existentzialismoa deituko jakonaren aitzindari izan zan eta Metamorfosiak obra horren elementu asko ditu. Bietan mundu absurdo bat agertzen jaku, inpersonala.
Bartleby eskribatzailea orain 25 urte itzuli eban lehenengoz Juan Garzia Garmendiak eta, orain be, berea da lana, itzulpen zuzendua eta landua, Mujikak zehaztu dauenez.
Bi eleberrien kasuan, irakurten dan bakotxean interpretazino barrietarako abagunea zabaltzen dala nabarmendu dau Garzia Garmendiak, eta biak nobela laburren ordezkari zoragarriak dirala.
Azkenik, Ereinen sail barriko hirugarren alea segurutik Albert Camusen Arrotza eleberria izango dala iragarri dau Mujikak.