Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, Bizkaiko Arrantza Federazinoagaz batera, Arrantza Eskolearen denporaldia jarriko dau abian domekan, martiaren 20an. Eskolea harrapatu eta askatu modalidadean egiten da, izan be, arrainak uretan askatzen dira ahalik eta azkarren eta ahal danik eta arreta handienagaz. Ume eta gazteentzako ekimen hau orain dala hamar urte baino gehiago jarri eben martxan, familiako aisialdi jarduera osasungarria sustatzeko helburuagaz; Itsasadarraren ingurumenaren leheneratzeaz gozau, eta estuarioan dagozan espezieak ezagutzeko aukerea emoten dau jarduereak.
Kontuak kontu, jarduerea 16 urtera arteko personei dago zuzenduta, eta, ohikoa danez, Bilboko Erripa kaian egingo da, Arenaleko zubiaren ondoan, 11:30etik 13:30era, domekero (Aste Santuko domekan izan ezik, domeka horretan ez baita eskolarik izango), maiatzaren 29ra arte.
Parte-hartzaile guztiei aseguru bat egingo jake, eta beharrezko baliabide teknikoak be jarriko dira euren esku: arrantzako ekipo osoak (kanaberak, txirrikak, berunak, amuak...), neurtzeko eta pisatzeko tresnak (metroak, baskulak, kuboak, balizetako zintak...), ikasteko materiala (dianak eta doitasun eta jaurtiketa materialak...), ordezko piezak, etab. Eremua egokitu egin da, ezintasun fisikoa daben lagunek be bertara joateko aukerea izan deien.
Jarduera hau abian jartea, orain hamar urte baino gehiago, erronka handia izan zan Ur Partzuergoarentzat zein Arrantza Federazinoarentzat berarentzat; halan da be, proiektuaren emoitzak hasiera batean uste zana baino askozaz harrigarriagoak izan dira, jenteak ekimenari sekulako harrerea egin deutsolako. Gauzak holan dirala, 2015ean, 3.000 ume baino gehiago ibili ziran kirol arrantzan, domeketako topaketetan (1.798) eta Aste Nagusian antolatutako Arrantza Eskolan (1.283).
Gero eta harrapaketa gehiago egoten dira, eta sailkatutako espezieak be askotarikoak dira; horrek Itsasadarraren osasun ona eta bere uren kalidadea herritarren gozamenerako berreskuratzen gagozala erakusten dau.