Ekitaldian Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea, Alfonso Gil Alkateorde eta Mugikortasun Politikak, Ingurumena, Etxebizitza eta Garapen Osasungarriaren zinegotzi koordinatzailea, Yolanda Diez Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotzia eta Bilboko Udaleko beste bozeramaile batzuk izan dira.
Aburtok azaldu zuenez "Udalaren konpromisoa bilbotarrei espazio bat uztea zen Bilboko Hilerrian, bilbotarrek senitartekoei eta lagun maiteei azken agurra egiteko eta oroitzeko tokia izan dezaten. Hortik bere izena. Agintaldiaren aurreneko 100 egunetarako planaren barruan abian jarri genuen proiektuetako bat zen, gaur errealitate bihurtua, alegia".
Orain errautsak modu librean zabaldu edo bota daitezke; betiere, botatzeko leku horietan aplikatzen diren arauak kontuan izanda, jakina. Aurrerantzean, hilerritik irten barik egin ahal izango da. Bilbao Zerbitzuak sozietatean 100.000 euroko inbertsioa egin du obra horrekin.
Hamabi elementu
'Oroimenaren Basoa', txapaz egindako paralelepipedo angeluzuzen formako hamabi elementuk osatuko dute, hainbat tamainatakoak (5x1,4 m; 4,5x1,5 m; 3x1,5 m eta 3,6x1,2 m) Begoñako Amaren plazak gaur egun osatzen duen zirkuluaren barruan, Bilboko hilerriaren erdian. Elementu horien ondoan errautsak uzteko beste bat jarriko da. Guztira, gune berri horrek 800 m2 inguru hartuko ditu. Elementuok plazaren erdiko ereinotza inguratzen dute. Inguruan koroa biribilaren formako espazioa taxutu da, errautsak zabaltzeko. Espazio hori "egur azalez" estalita eta harrizko bankuz inguratuta dago.
Oroimenerako espazio berri horretara heldu orduko, sarbidean, txapa zulatuzko hiruki formako mugarria dago, basoaren sarrera aurkeztuz eta bertara sartzeko gonbidapena eginez.
Basoa berez osatzen duten hamabi elementuetan zein sarrerako mugarrian euskal egileen poemen zatiak jasoko dira. Sarrerako mugarriak, adibidez, Gabriel Arestiren testu bat jasoko du, eta hamabi elementuetako bakoitzean Xabier Lizardik idatzitako poema baten zatia egongo da.
Esku-hartzearen arkitekturaz Obra eta Zerbitzu Saila arduratu da. Hain zuzen ere, proiektua Alfredo Gatiasoro Manzanedo arkitekto zuzendariak eta Amaia Arzoz Diez eta Gonzalo de la Puerta Llorente arkitektoek idatzia da.
Ildo honetan, Yolanda Diez Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak adierazi du "proiektu honen bidez hilerriko zuhaiztiaren barruan integratu direla elementu berri horiek, osotasun horren bitarteaz 'Oroimenaren Basoa' taxututa, senitartekoei eta lagun maiteei azken agurra egiteko leku bihurtuta. Gomutarako eta gogoetarako gunea ere bada, dena harmonian inguruarekin".
Erabilera
Erraza da errautsak zabaltzea. Erdiko ereinotzaren inguruko koroa zirkularrean egiten da. Errautsak bota ondoren ur lainoztatuaren sistema eta ureztatze sistema pizten dira, errautsak pixkanaka xurgatzeko.
Loreak ere jar daitezke oroigarri moduan, baita errautsontzia ere koroa zirkularraren inguruan.
Hildakoaren errautsak espazio honetan zabaldu nahi izanez gero, harremanetan jarri behar da Bilbao Zerbitzuak erakundearekin (94.423.10.19), zeremoniaren eguna eta ordua zehazteko eta zelan jardun azaltzeko.