Santa Teresa Jesusenaren idazlan guztiak euskerara itzuli ditu Luis Baraiazarrak

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko mar. 16a, 00:00

Espaniako literatura klasikoko autore handienetako baten, Santa Teresa Jesusenaren (1515-1582), bosgarren mendeurrenaren harira hasitako proiektuaren emoitzea aurkeztu dabe karmeldarrek eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Haren obra guztien euskerazko itzulpena egin dau Luis Baraiazarrak, ia 2.000 orrialdeko argitalpena. Euskerearentzako ekarpen handia dala nabarmendu dabe aurkezpenean.

Karmel Sortearen barruan argitaratu dabe liburua. Izan be, Luis Baraiazarra karmeldarra da, baita ohorezko euskaltzaina be. Nekagarria eta pozgarria egin jat lan hau, autortu dau itzulpenaren aurkezpenean. Euskal letren plazan ekarpen ederra egitea izan da nire asmoa, ganeratu dau Baraiazarrak.

Lexikoan eta morfologian euskerea aberastuko dauen testua da Baraiazarraren itzulpena, Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendariaren esanetan, eta etorkizuneko korpusak osotuteko erreferentzia izango dala be adierazo dau. Gaztelaniazko jatorrizko idazkiak hizkuntza horretako klasiko bikainak diran legez, euskerazko itzulpena be altxorra dala uste dau De Castrok.

Andres Urrutia euskaltzainburuak be goratu egin dau Baraiazarraren testua. Euskal senez, hizkuntza egoki eta gaur-gaurkoa darabil; joskera aparta erabilita, irakurlearen jakinmina erakarten daki, azpimarratu dau Urrutiak. Gaztelaniaz Santa Teresa Jesusenak erabilten eban goi mailako hizkera eredugarria euskerara ekarten jakin dau Baraiazarrak, euskaltzainburuaren ustez.

Euskerea duintasunez darabil itzultzaileak, Julen Urkiza Karmel Sortea bildumako zuzendariaren esanetan. Ia 2.000 orriko edizinoa dala azaldu dau Urkizak, Santa Teresa Jesusenak itxitako idazlan guztiak batzen dituana. Irakurleari laguntzeko, hiztegitxua eta izenen aurkibidea gehitu deutsiez.

Santa Teresa Jesusena eragin handiko personea izan zan 16. mendeko Gaztelan, bai arlo literarioan eta bai erlijiosoan be. Emakumeak oso gitxietsita egozan sasoian, liderra izan zan, baina ez monjen lider bakarrik, fraideen buru be izan zan, azaldu dau Baraiazarrak. Literaturan, bere sasoiko zein gaur eguneko adituen goraipamena jaso dabe haren testuek eta gaztelaniaren aldi klasikoko erreferentzia da.

Lino Akesolo eta Santi Onaindia karmeldarrek Santa Teresaren obra batzuk itzuli zituen euskerara orain dala urte batzuk. Baina Luis Baraiazarrak itzuli ditu obra guzti-guztiak lehenengo aldiz. Karmeldarrek beti euki izan ditue gogoan Santa Teresaren idatziak, hareen ordenaren aitzindaria izan zalako. Oraingoan be, Euskal Herriko eta Markina-Xemeingo karmeldarrek atara dabe liburua, Bizkaiko Foru Aldundiagaz batera.

Hainbat lan egin zituan Santa Teresa Jesusenak, askotariko gaiak jorratuaz eta genero ugaritakoak. Bizitza liburua da Baraiazarraren itzulpenean irakurleak topauko dauen lehenengoa. Ondoren, Perfekzio Bidea izenekoa dator, aditu askoen ustez idazlearen lan biribilena. Barne Gaztelua dator ondoren eta Fundazioak laugarren. Santa Teresaren azken liburua izan zan hori, hil aurretxuan idatzia.

Liburu nagusien itzulpenen ostean, Santa Teresa Jesusenaren gutunak be euskerera ekarri ditu Baraiazarrak. Erlijinoaz eta espiritualidadeaz asko idatzi eban baina, gutunetan ikusten danez, gizarte gaietan eta personen arteko hartu-emonetan be abila zan. Amaitzeko, bestelako idazki laburrago batzuk datoz liburuan, gogoetak, olerkiak eta abar.

Ana de Castroren esanetan, itzulpengintzearen garrantzia autortu nahi izan dau Foru Aldundiak, liburuaren edizinoa babestuta. Egunotan, Blas de Oteroren, Franz Kafkaren eta Santa Teresa Jesusenaren obren euskerazko itzulpenak aurkeztu dirala gogora ekarri dau. De Castroren ustez, Baraiazarraren lana altxorra da.

Osorik irakurri