Bilbon ikastetxe eta institutu publiko berriak eraikitzeko konpromiso falta salatuko dute

uriola.eus 2016ko mar. 17a, 09:21
Argazkia: Podemos Euskadi ‏@PodemosEuskadi

Ibaiondo barrutiko ikastetxe publikoetako hezkuntza-komunitateak hamar urte baino gehiago darama borrokan. Besteak beste, sare publikoan "plazak falta" direla eta "eskola-politika klasistak eta baztertzaileak" aplikatzen direla salatzen. 

Administrazioak "ez die behar bezalako erantzuna eman" Ibaiondo barrutiko auzoek izan dituzten "aldaketa demografiko eta urbanistiko izugarriei", horren guztiaren ondorioz, gaur egun egoera "jasanezinean" daudela adierazi dute hainbat guraso elkarteek argitara eman duten mezuan.

Horregatik eskatzen diete bai Bilboko Udalari bai Eusko Jaurlaritzari "hartutako konpromisoak betetzea eta ikastetxe berrien eraikuntza eta gure eskola eta institutuetan egin beharreko obrak bizkortzea".

Egoera salatzea erabaki duten guraso elkarteak Garcia Rivero LHI, Miribilla LHI, Mujika LHI, Pagasarribide LHI, Iruarteta LHI, Gallegorria LHI, San Adrian BHI eta Eskurtze BHIko guraso elkartea dira.

 

Ostiralean prentsaurrekoa deitu dute

Ibaiondo barrutiko ikastetxe nagusietako guraso elkarteetako ordezkariek prentsaurrean emango dituzte xehetasun gehiago martxoaren 18an, ostirala, 11:30ean San Adrian Institutuan (Martin Barua Picaza 14).